Gizartea -
OSASUNA
Zerbitzuburuen esklusibotasuna meritu gisa baloratzea proposatu du Euskadiko Osasun Itunak
Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak ez du zehaztu zenbat diren klinika pribatuetan lan egiten duten Osakidetzako profesionalak, baina portzentajea "oso txikia" dela azpimarratu du.
AGENTZIAK | EITB Media
Euskadiko Osasun Itunaren Mahaian bildutako adituek Osakidetzari proposatu diote zerbitzuburu izateko meritu gisa baloratu dezala esklusibotasuna. Gaur-gaurkoz, legeak ez die esklusibotasuna eskatzen osasun publikoan lan egiten duten profesionalei.
Zazpigarren bilera egin du gaur Euskadiko Osasun Itunaren Mahaiak, Gasteizen, eta osasungintza sektoreko eragile politiko, sindikal, profesional eta sozialek parte hartu dute. Gaurko hitzorduan, 8 lantalde eta 400 profesional baino gehiago lantzen ari diren 24 ildo estrategikoetako 8 azaldu dituzte.
Langileen politika ereduari lotuta —lehen ildo estrategikoa— adituek egindako proposamenak Josune Retegi Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak azaldu ditu.
Dokumentuak ez ditu neurri zehatzak jasotzen, helburu estrategikoak eta proposamenak baizik. Ildo horretan, neurriak aurrerago aletuko dituzte.
Alor horretan sei helburu finkatu dituzte: pertsonal politika, lidergoa, talentua erakartzea, profesionalen garapena, parte-hartzea eta eraldaketa digitala.
Retegik ez du zehaztu zenbat diren Osakidetzan eta klinika pribatuetan lan egiten duten profesionalak, baina portzentajea "oso txikia" dela azpimarratu du. Horren arabera, esklusibotasuna ez da gaur-gaurkoz gai gatazkatsua, are gehiago, "profesional falta dagoen honetan".
Hala ere, pertsonal politika aztertzeko osatutako lantaldeak proposatu du esklusibotasuna meritu gisa aitortzea. Hala ere, onartu dute garatu beharko dutela.
Talentua erakartzeko bi aukera proposatzen dituzte adituek, "soldatak soilik ez baititu erakartzen": batetik, profil profesional berriak planifikatzea (biomedikuntza ingeniariak eta matematikariak, adibidez), eta, bestetik, kontziliazioa eta ongizatea hobetzeko neurriak hartzea.
Halaber, Administrazio orokorrean, telelanerako proiektuak ezartzen hasi dira, sindikatuekin adostuta.