Gizartea -

Indarkeria matxista

Hego Euskal Herriko 1.192 emakumek eta 116 adingabek dituzte babes neurriak indarkeria matxistagatik

Espainiako Estatuan EAE da biktima tasa txikiena duen erkidegoa (0,7, 1.000 emakumeko). Nafarroa bosgarren da, 1,4ko tasarekin, baina Estatuko batez bestekotik behera dago.

Protesta feminista bat. Artxiboko argazkia: EFE
Protesta feminista bat.
Protesta feminista bat. Artxiboko argazkia: EFE

E.G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iaz Hego Euskal Herriko 1.192 emakumek eta 116 adingabek neurriren bat zuten gizon matxistez babesteko, dela urruntze agindua edo bizkartzaina, INE Espainiako Estatistita Institutuak emandako datuen arabera. Hala, guztira, 1.308 biktimak zuten babes neurriren bat, aurreko urtean baino % 3 gehiago.

INEk "Genero indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren Estatistika" izeneko txostena kaleratu du gaur, 2024ko informazioa bilduta. Justizia Ministerioak arlo horretan duen erregistro zentralaren datuak ditu oinarri. 

Horren arabera, eta oro har, babestutako emakumeen eta adingabeen kopurua hazi egin zen iaz. Aipatzekoa da, halaber, Foru Erkidegoan babestu beharreko adingabe kopuruaren gorakada, ia bikoiztu baitzen datua: 2023an, 13 ume ziren; 2024an, 24. EAEn, aldiz, % 18 egin zuen behera babestutako umeen kopuruak.

Aurkeztutako salaketen ondorioz, 1.574 zigor ezarri zitzaizkien beste horrenbeste gizoni, eta horien artean 6 hilketa edo hilketa-saiakera delituagatik izan ziren (denak EAEn).

Erasotzaileei dagokienez, EAEko eta Nafarroako epaitegiek 2.391 tratu txar emaile zigortu zituzten (zigor irmoak), 2023ko datuetatik apur bat gora. 

Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) du Estatuko biktima tasa txikiena (0,7, 14 urtetik gorako 1.000 emakumeko). Nafarroak 1,4ko tasa du. Estatuko batez bestekoa 1,6koa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa