Gizartea -
GERTAKARIA
Bost pertsona atxilotu dituzte, tartean bi adingabe, Iruñeko garaje batean gazte bat hiltzen saiatzeagatik
16 eta 22 urte bitarteko gazteak dira atxilotutakoak. Buztintxuriko garaje batean gazte bat jipoitu zuten, eta, ondoren, sare sozialeko euren profiletan jipoiaren bideoak eta irudiak zabaldu zituzten. Kontu garbiketa dela uste du Foruzaingoak.
EITB MEDIA
Foruzaingoak bost gizon atxilotu ditu Iruñean, Buztintxuriko garaje batean gazte bat hiltzen saiatzea egotzita. Horietako hiru kartzelan sartu dituzte, eta bi, adingabeak, Nafarroako Gobernuaren tutoretzapeko zentro batera eraman dituzte. Foruzaingoak ohar batean adierazi duenez, kontu garbiketa batekin lotuta egon liteke gertatutakoa.
Apirilaren 22an izan zuen Poliziak gertatutakoaren berri, osasun-zentro batetik abisua jasota. Antza denez, gazte bat arma zuriz zaurituta zegoen, buruan lesioak eta hatz bat hautsita zituela. Agenteak bertaratu ziren biktimaren testigantza hartzeko, eta kolpeak eman zizkien gizonak identifikatzea lortu zuten. Berehala, ikerketa abiatu zuten, Pertsonen Aurkako Delituen Brigadako agenteek gidatuta, Iruñeko Udaltzaingoaren laguntzarekin.
Iruñeko Udaltzaingoak, bizilagunen alerta bati esker, inplikatuetako batzuk identifikatu zituen. Ustezko egileek beisboleko bate bat eta sukaldeko aizto bat zituzten, eta "harro agertu ziren egindakoa sare sozialetara igotzeaz, argazkiak eta bideoak eskegiz".
Instrukzio-agenteek ondorioztatu zutenez, delitua egiteko garaian "nagusitasunez jokatu zuten, kaputxak soinean jantzita eta makilekin, bateekin eta labanekin armaturik baitzeuden". Gaineratu dutenez, "aldez aurretik pentsatutako jiipoia" izan zen, "indarkeria handiz egina". Adierazi dutenez, gainera, egun batzuk lehenago, bost atxilotuek beste gazte bati antzeko jipoia eman zioten, gero Buztintxurin harrapatutakoa zelakoan.
Biktimak hainbat kolpe jaso zituen buruan, bate batekin eta metalezko barra batekin egindakoak. Bizkarrean eta bularrean labankada bana zituen, baita ostiko eta ukabilkadek eragindako hainbat zauri ere.
Ustezko egileak, nagusienak, 20 eta 22 urte bitartekoak dira, eta bi adingabeek, berriz, 16 eta 17 urte dituzte. Bi Sarrigurenen atxilotu zituzten, eta, gainerakoak, Iruñean. Aurrekari ugari dituzte hainbat deliturengatik, eta, gainera, borroketan eta bestelako delituetan inplikatutako gazte-talde baten kideak dira. Gertakaria, dirudienez, kontu-garbiketa batekin lotuta dago.