Gizartea -

JAIAK

Donostiako Piratek, Bilboko Konpartsek eta Gasteizko Txosnek salatu dute txosnen eredua "arriskuan" dagoela

Oztopo nagusiak aisialdiaren pribatizazioa eta tramite administratiboak direla adierazi dute, eta "jaiak ez merkantilizatzeko" deia egin dute. Horrez gain, ekitaldi handi bat iragarri dute maiatzaren 31rako, Bilboko Miribillako anfiteatroan, “txosnak eta herri-jaiak defendatzeko”.

Donostiako Piratak, Bilboko Konpartsak eta Gasteizko Txosnak gaurko agerraldin. Irudia: EITB
Donostiako Piratak, Bilboko Konpartsak eta Gasteizko Txosnak gaurko agerraldin. Irudia: EITB
Txosnak ''ez merkantilizatzeko'' eskatu dute Donostiako Piratek, Bilboko Konpartsek eta Gasteizko Txosnek

0:34

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uda ate joka dugu, baita Euskal Herriko hiri eta herrietako jaiak ere. Bilboko Aste Nagusia hasteko 100 egunen faltan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietarako 88 eta Donostiako Aste Nagusirako 93, Donostiako Piratek, Bilboko Konpartsek eta Gasteizko Txosnek elkarrekin agerraldia egin dute, Bilbon, "Txosnak arriskuan" ekimena aurkeztu eta gaur egun ezagutzen ditugun txosnak "desagertzeko arriskuan" daudela ohartarazteko.

Oztopo nagusiak aisialdiaren pribatizazioa eta tramite administratiboak dira

Hala, indarrak batu dituzte, "gero eta gertuago" ikusten duten errealitatea islatzeko. Salatu dutenez, "mundua pribatizatzen ari da, eta gero eta zailagoa da txosnak eta herri-jaiak antolatzea". 

Aisialdia "merkantilizatuta" dagoela nabarmendu dute, eta adierazi irabazi asmorik ez dutenei espazio publikoa erabiltzeko gero eta oztopo gehiago jartzen dizkietela. Horien aburuz, "agerikoa da" instituzioek lehentasuna ematen dietela "irabazi asmoa duten jarduerei", eta autogestioan oinarritutakoei "zailtasun gehiago" jartzen dizkietela. Hala, ondorengoak aipatu dituzte, besteak beste: "Tramite administratiboen zama, kostuen garestitzea, araudi murriztaileak. 

Gaurkoan indarrak batu dituzte; izan ere, jai eredu hori Euskal Herrian hain errotuta egonda, "anomalia" iruditzen zaie bertako jaien "izaera ez aitortzea", eta administrazioak ez izatea jai herrikoien beharretara egokitutako esparrurik: "Ez gara enpresak, ez gara ekitaldi komertzialak, boluntarioak gara. Ondo pasatzea kontu serioa da. Txosnak gure herriaren altxorra dira, eta babestu egin behar ditugu, ezberdindu behar ditugu merkataritza ekitaldietatik".

Testuinguru horretan, ekitaldi handi bat iragarri dute datorren maiatzaren 31rako. Hitzordua 11:30ean da, Bilboko Miribillako anfiteatroan, "txosnak eta herri-jaiak defendatzeko". Ekitaldian parte hartzeko deia ere egin dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko jaiak gaur Donostiako Aste Nagusia egitaraua Andre Maria Zuria Gaurko albisteak Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa gaur Gizartea Eguneko albisteak Albisteak