Gizartea -
SEXU-INDARKERIA
Arrebaordeari sexu-erasoa egin eta bortxatu zuen gizonak hamabi urteko kartzela-zigorra bete beharko du
Erantzukizun zibilari dagokionez, salaketa jarri duen emakumeari kalte-ordaina emango dio: 25.000 euro, eragindako kalte moralagatik, eta 855 euro, eragindako lesioengatik.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak 12 urteko kartzela zigorra ezarri dio arrebaordeari sexu erasoak egin zizkion gizonezko bati; 2020ko martxoan eta apirilean bortxatu eta ukituak egin zizkion indarrez, Iruñean elkarrekin bizi ziren etxean.
Epaia asteazken honetan jakinarazi dute, eta helegitea jar diezaiokete. Ondorioz, kondenatua, behin-behineko askatasunean zegoena, kartzelan sartu dute, ihes egiteko arriskua zegoelako.
Auzitegiaren arabera, biktimaren deklarazioa "guztiz sinesgarria" izan zen. Emakumeak, gaineratu duenez, "modu zehatz, sinesgarri, koherente eta kontraesanik gabean, kontakizuneko aldeen arteko beharrezko konexio logikoa mantenduz" eman zuen lekukotza.
Horrez gain, auzitegiak uste du ez dela frogatu faltsukeriarik, erresuminik, mendekurik, etsaitasunik ezta biktima salaketa aurkeztera eraman duen bestelako arrazoi ez-zilegirik dagoenik ere. Izan ere, salaketa jartzeak arazoak ekarri zizkion, besteak beste, aitarekin harreman oro galtzea.
Epaiaren arabera, erasotzaileak ezingo du biktimarekin komunikatu, ezta harengana hurbildu ere, 200 metro baino gutxiagora, 15 urtez, eta, gainera, zaintzapeko askatasun neurria bete beharko du, askatasunaz gabetzeko zigorraren ostean gauzatu beharrekoa, hori ere 15 urtekoa.
Erantzukizun zibil gisa, salaketa jarri duen emakumeari kalte-ordaina emango dio: 25.000 euro, eragindako kalte moralagatik, eta 855 euro, eragindako lesioengatik.