Gizartea -

Unibertsitatea

152 ikastaro eta 14 tailer egingo ditu EHUk Udako Ikastaroetan

Ekainaren hasieratik irailaren amaiera arte izango dira. Jardunaldiak Donostian, Bilbon, Gasteizen, Baionan eta beste 14 udalerritan egingo dira, eta adimen artifizialak leku berezia izango du edizio honetan.

EHUren Donostiako kanpusa. Artxiboko argazkia.
EHUren Donostiako kanpusa. Artxiboko argazkia.
EHUren Donostiako kanpusa. Artxiboko argazkia.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen 44. edizioak 152 ikastaro eta 14 workshop egingo ditu. Ekainaren hasieratik irailaren amaiera arte izango dira, eta gehienak aurrez aurrekoak izango dira; hala ere, hainbatetan telematikokii parte hartu ahal izango da.

Ikastaroak Euskal Herriko txoko askotara zabalduko dira aurten. Donostiak, Bilbok, Gasteizek eta Baionak hainbat jarduera hartuko dituzte, baina beste 14 udalerritara ere zabalduko dira: Ataun, Auritz, Azkoitia, Beasain, Elgoibar, Gernika-Lumo, Ispaster, Miñao Txikia, Mutiloa, Lekeitio, Lesaka, Oñati, Zerain eta Zubieta.

Eskaintza ostegun honetan aurkeztu dute prentsaurreko batean Laura Poderoso BBVA Fundazioaren zuzendariordeak, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak eta Idoia Otaegui udako ikastaroetako zuzendari akademikoak.

Adimen artifiziala izango da edizio honen ardatz nagusietako bat. Desgaitasunen bat duten pertsonen bizimoduan izan dezaketen eraldaketa-eginkizuna aztertuko da, eta AA sortzaileak eta jaiotzen ari diren beste teknologia batzuek komunitate kalteberetan duten inpaktuan sakonduko da.

Horrez gainera, Udako Ikastaroak ziklo estrategikoetan antolatuta daude, eta horien artean nabarmentzekoak dira Kultura eta Artea, Gizartea, Osasuna, Ekonomia eta Enpresa, eta Zientzia eta Teknologia.

Kultura eta Artearen ardatzeko eskaintzetako bat hizkuntza dibertsitateak garapen iraunkorrean duen egitekoari buruzkoa izango da, 'Kultura, euskara eta garapen iraunkorra: etorkizun komun baterantz' ikastaroan.

Arlo sozialean, besteak beste, gaur egun bakea nola ulertzen den eztabaidatuko da "Bakeari eta Europar Batasunak mundu multipolar batean duen zereginari buruzko ikuspegiak" atalean.

Zientzia eta Teknologiaren alorrean, konputazio kuantikoari buruzko ikastaroa izango da, besteak beste, oinarri eta aurrerapen teknologiko berrienen ikuspegi ulergarria emateko asmoz.

Osasunaren esparruan, suizidioa ikusarazteko eta prebenitzeko estrategiak jorratuko dira, besteak beste.

Ekonomia eta Enpresari dagokionez, enpresa txiki eta ertainen erresilientzia eta lehiakortasuna hobetzera bideratutako estrategia eta ekimen eskuragarriak aztertuko dira, besteak beste.

Baionan Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen laugarren edizioa egingo da, Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko bost unibertsitate publikoekin eta toki entitateekin lankidetzan. Ekimenak bide berriak ireki nahi ditu ezagutza partekatzeko eta lurralde-kohesioa indartzeko, etorkizuneko erronkei erantzun bateratua emateko.

Matrikula egiteko epea zabalik dago eta Udako Ikastaroen webgunean egin daiteke. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU Gizartea Eguneko albisteak Albisteak