Gizartea -
Aita Santu berria
Profila: Robert Prevost, Frantzisko aita santuaren apustuetako bat
Leon XIV.ak Frantzisko aita santuaren erreformen bidea jarraituko du.
EITB Media
Adeitsua, moderatua, erreserbatua, Robert Francis Prevost Martinez kardinal estatubatuarra Frantzisko aita santuaren apustu handienetako bat izan zen. Mundu osoko apezpikuen eta Latinoamerikarako batzordearen arduradun izendatu zuen Bergogliok. San Agustinen ordenako misiolari hau, azken urteetan Frantzisko aita santu zenaren laguntzaile estua izan da eta haren estiloa jarraituz, diskrezioz sartu zen aita santu izendatzeko hautagaien zerrendan, beste izen handi batzuen artean, 'outsider' bat bezala.
Bere izaera moderatuak kontserbadoreen eta erreformisten arteko zubilana egiteko posizio onean jartzen du. Amerikaz duen jakintza handiak, berriz, kontinente horretako iparraldeko eta hegoaldeko kardinalen babesa eman diezaioke. Hain zuzen ere, horietako batzuk oso kritiko izan ziren Frantziskorekin.
Bost hizkuntza gutxienez hitz egiten ditu: inglesa, gaztelania, italiera, frantsesa eta portugesa. Eta latina eta alemaniera irakurtzeko gai da.
Prevost 1955ean jaio zen Chicagon (AEBak) sustrai frantsesak, italiarrak eta espainiarrak zituen familia batean. Ama, Mildred Martínez, jatorri espainiarrekoa zen, eta aita, Louis Marius Prevost, jatorri frantziar eta italiarrekoa. Bi anaia ditu.
Agustindarren Saint Louis apaizetxean hasi zuen bere ibilbidea eta han egin zituen botoak 1981ean. Ondoren Teologia ikasi zuen eta Erromara bidaiatu zuen Zuzenbide Kanonikoa ikasteko. 1982an 28 urterekin apaiztu eta lasterrera Perura bidali zuten, bere adopzio herrialdea izan denera. Piurako Chulucanasen misioan lehendabizi eta Trujillokoan ondoren, ibilbide luzea egin zuen artxidiozesi horretan. Irakaskuntzan ere eskarmentu handia izan du, Chicagoko Agustindarren priore nagusi gisa.
2014an, Peruko Chiclayoko elizbarrutiko buru jarri zuen Frantzisko aita santuak, administratzaile apostoliko gisa. Urtebete geroako bertako apezpiku izendatu zuen eta 2018tik 2023ra Peruko Gotzainen Batzarreko bigarren presidenteordea izan zen. Tarte horretan, besteak beste, Solidacio de Vida Cristiana taldearen sexu abusuen krisialdiari aurre egin behar izan zion.
Duela bi urte, Bergoglio aita santuak Erromara deitu zuen. Kardinal eta Gotzainen Dikasterioko (planeta osoko gotzainak aukeratzen dituen ministerioko) prefektu izendatu zuen. Erakunde boteretsu honen buru, Frantzisko aita santuaren eta kontserbadoreen arteko liskarretan hartu zuen parte, hala nola, Joseph Strickland gotzain estatubatuarra kargutik kendu zutenean, Egoitza Santuarekin desleial izan zelako. Frantziskok Latinoamerikarako Pontifize Batzordeko lehendakari ere jarri zuen, azpikontinentearen errealitateari eta periferiei buruz duen ezagutza handiari esker.
Beraz, apezpikuen "begirale" rola eta Hego Amerikako iragana eta oraina direla eta, Prevostek etengabeko harremana du elizaren hierarkiarekin, batez ere Amerikan, planetako katolikoen erdiak dituen kontinentean (637 milioi inguru 2004an).
Bere adierazpenetan zuhur ariatu izan bada ere, Frantzisko aita santuaren ildotik mintzatu izan da normalean; "herritik hurbil" dagoen kleroa defendatuz. Azken urteotan eliza astindu duen sexu-abusuen kasuei dagokionez, "gardena izateko eta biktimei laguntzeko" betebeharra daukala Elizak aldarrikatu izan du.