Gizartea -

AITA SANTU BERRIA

Prevost Bilbon, Loiun eta Iruñean egondakoa da

Leon XIV.a hainbat aldiz izan da Hego Euskal Herrian. Azkenekoz, Nafarroako hiriburuan egon zen 2015ean, unibertsitatean ikasten zegoen apaiz perutar bati bisita egiten. Aurrez, 2011n, Bilbon izan zen Bizkaiko gotzain baten ordenazioan.

Prevost, Blazquez ondoan zuela, 2011n. EITB Media
Prevost, Blazquez ondoan zuela, 2011n.
Robert Francis Prevost Bilbon egon zen 2011n

0:27

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Robert Francis Prevost aita santu izendatu berriak ezagutzen du Euskal Herria, hainbatetan egon baita bertan. Agustindarra izanda, hainbat bisita horrekin lotuta egon dira, eta beste asko Perurekin izandako harreman estuarekin (urte luzez egon da Hego Amerikako herrialdean, eta hango nazionalitatea ere badu).

Agustindarren priore gisa, 2004an egon zen azkenekoz Loiuko (Bizkaia) Urdaneta ikastetxean, agustindarren ordenarena den itunpeko eskola erlijiosoan.

Zazpi urte geroago itzuli zen Prevost Bizkaira. Bilbon egon zen 2011n, bertako elizbarrutiak gonbidatuta, Miguel Olaortua gotzain izendatzeko ekitaldian. Aita santu berria Iquitosko (Peru) elizbarrutiko priorea zen, eta Olaortua bilbotarra bertara bidali zuten; harreman estua egin zuten. Hala, hura ordenatzeko ekitaldian parte hartu zuen, Ricardo Blazquez orduko Bilboko gotzainak gidatutako mezan.

2015ean Iruñean izan zen, ordu batzuez. Bisita pertsonala izan zen ordukoa. Erromatik bueltan, Madrilen geldialdia egin zuen, eta kotxez joan zen Nafarroako hiriburura bere elizbarrutiko apaiz gazte bat zoriontzera. Edward Tocto Zuzenbide Kanonikoa ikasten ari zen Nafarroako Unibertsitatean, eta urtebetetze egunean joan zitzaion bisitan Prevost.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Bilbo Iruñea Gizartea Aita santua Eguneko albisteak Albisteak Eliza Katolikoa