Gizartea -
POLIZIA OPERAZIOA
Marfilezko 54 pieza konfiskatu dituzte Bizkaian, Interneteko atarietan legez kanpo salgai zirenak
Guardia Zibilak marfilezko edo bolizko 68 eskultura ere atzeman ditu. Halaber, Bizkaiko bizilagun bat ikertzen ari dira flora eta faunaren aurkako delitua eta Kontrabandoaren Legea haustea egotzita.
EITB Media
Guardia Zibilak elefante marfilarekin egindako 54 pieza konfiskatu ditu Bizkaian, enpresa batek legez kanpo Interneteko atarietan salgai zituenak, Barne Ministerioak ohar bidez jakinarazi duenez.
"RibTool" operazioaren baitan, marfilezko edo bolizko 68 eskultura ere atzeman dituzte. Halaber, Bizkaiko bizilagun bat ikertzen ari dira flora eta faunaren aurkako delitua eta Kontrabandoaren Legea haustea egotzita.
Ikertzaileek ondorioztatu ahal izan dutenez, aipaturiko enpresak CITES ziurtagiririk gabe saltzen zituen marfilezko artikuluak.
Adibide gisa, hauek dira konfiskatu dituzten objektuetako batzuk: bastoiak, geisha edo enperadoreen irudiak dituzten eskulturak, Japoniako kulturaren irudi adierazgarriak diren okimonoak, abaniko apainduak, pitxerrak, kaxa zaharrak eta elefanteen letaginak. Era berean, marfilezko zatiak zituzten eskulturak, gurutzedun koadroak, antzinako altzariak (idazmahaiak, beira-arasak eta bionboak) eta zaldi eta dragoien hainbat irudi aurkitu dituzte.
Guardia Zibilaren Natura Babesteko Zerbitzuko (Seprona) agenteek abiatu zuten ikerketa, Interneten 40 iragarki aurkitu ondoren. Horri lotuta, artikulu horiek eskaintzen zituen Bizkaiko erabiltzaile bat identifikatu zuten. Bizkaiko Instrukzio 6. Epaitegiak bere gain hartu du auzia.
Europar Batasunean ezin da elefanteen letaginik salerosi, ez bere horretan ez manipulatuta. Marfila erosi, saldu, garraiatu eta edukitzeko CITES ziurtagiria behar da.