Gizartea -

AITA SANTU BERRIA

Euskal gotzainek Leon XIV.aren "lasaitasuna", "eskarmentua" eta diskrezioa nabarmendu dute

Bilboko apezpikuak uste du aita santu berria Frantzisko baino "lasaiagoa" dela. Gasteizkoak pertsonalki ezagutzen du, eta horren "gizatasuna eta eskarmentua" azpimarratu ditu. Iruñeko artzapezpikuak horrela definitu du: "Gizon hurbil eta diskretua da".

Gasteizko, Bilboko, Donostiako eta Iruñeko gotzainak, aurreko agerraldi batean. EFE
Gasteizko, Bilboko, Donostiako eta Iruñeko gotzainak, aurreko agerraldi batean.
Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainak aita santu berriaren ''esperientzia eta gizatasuna'' nabarmendu ditu

1:11

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Habemus papam" iragarpenaren biharamunean, Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko elizbarrutiak Robert Francis Prevost Leon XIV.aren inguruan mintzatu dira, pozik egin ere.

Joseba Segura Bilboko apezpikuak aitortu duenez, "pozez eta sorpresa apur batekin" hartu du hautua, eta konklabearen "azkartasuna" goraipatu du. "Batzuek zatiketa zegoela esaten zuten, baina argi geratu da Leon XIV.ak babes handia zuela", azaldu du.

Bilboko Gotzaindegiaren egoitzan kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, aita santu berriaren erronkez aritu da. Horren ustez, Leon XIV.ak "batasuna eta bakea" defendatu beharko ditu. Horretarako lagun izango omen du bere izaera; izan ere, "Frantziskoren inpultsibotasunaren aurrean, buruzagi lasaiagoa" ikusten du Segurak.

Joseba Segura: 'Aita santu berriaren erronken artean batasuna mantentzea eta bakea sustatzea daude'
Joseba Segura: 'Aita santu berriaren erronken artean batasuna mantentzea eta bakea sustatzea daude'
Joseba Segura: 'Aita santu berriaren erronken artean batasuna mantentzea eta bakea sustatzea daude'

1:17

Bestalde, Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainaren esanetan, Leon XIV.a "artzain ona da, eskarmentu handikoa eta berebiziko gizatasuna duena". Iaz ezagutu zuela esan du, eta Frantziskoren ildokoa izango dela azpimarratu. "Oso mezu inklusiboa du", erantsi du. 

Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, iazko udan egon zen Robert Francis Prevostekin. Ordubetez hitz egin zuen berarekin, eta "Gasteizko elizbarrutiaren nondik norakoak eta beharrak" partekatu zituen berarekin. Hitzordu hartan, Leon XIV.ak "Espainiako eta Hego Amerikako Eliza zein ondo ezagutzen zuen" egiaztatu ahal izan zuen Elizaldek.

Florencio Rosello Iruñeko artzapezpiku eta Tuterako gotzainaren iritzian, Eliza katolikoa "zorionekoa" da Leon XIV.aren izendapenarekin. "Elkarrizketarako irekia da, gizon hurbila eta diskretua", adierazi du.

Elizaldek bezala, Rosellok ere ezagutu zuen, Erroman. Migrazioari eta emakumeen parte hartzeari dagokionez, aita santu berriak Frantziskoren ildoari jarraituko diola uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Aita santua Eguneko albisteak Albisteak Eliza Katolikoa