Gizartea -
Eguraldia
Euria eta ekaitzak direla eta, alerta eta abisuak aktibatu dituzte larunbat honetarako Euskal Herrian
Ordubetean metro koadroko 15 litro pilatu daitezke EAEn eta 30 litro Nafarroan. Litekeena da txingorra ere egitea ekaitzak jotzen duen tokietan.
EITB MEDIA
Giro petrala dator astebururako, euria, kazkabarra eta ekaitza espero baitira.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia aktibatuko du larunbat honetan, 13:00etatik 21:00etara, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aemet Espainiako meteorologia agentziak abisu horia ezarriko du euriagatik Nafarroa iparraldean eta Pirinioetan. Nafarroa erdian eta hegoaldean, berriz, alerta laranja ezarriko du. Azkenik, Meteofrancek abisupean jarri du Pirinio Atlantikoak departamendua (hor dago Ipar Euskal Herria), 13:00etatik 21:00etara.
Gaur, ostirala, eguraldi nahasia izango da nagusi. Goizean, hodeiarteak eta lainoak tartekatuko dira, baina gutxi iraungo du lasaitasunak, eguerditik aurrera (zenbait tokitan lehenago) zaparradak botako baititu. Ipar ukitua hartuko du haizeak, eta arratsalderako prezipitazio mardulak eta aro trumoitsua iragarri dituzte. Tenperaturak 18 graduren bueltan egongo dira.
Larunbatean, erruz botako du euria, eta ekaitza izateko aukera handituko da, batez ere eguerditik aurrera. Txingorra ere egin dezake. Goizean, uneka, aterkia ixteko beta izango dugu, nahiz eta orduan ere ez den baztertzen zaparradaren bat edo beste egitea.
Dena den, arratsaldean iritsiko da denboralearen okerrena. Trumoitsua, euritsua eta haizetsua izango da larunbat arrats-iluntzea. Tenperatura, baina, epela izango da egun osoan, erreka haizeari esker. 20 gradutik gora igoko dira termometroak han-hemen.
Igandea ere, egun ezegonkorra izango da. Zaparrada handienak egunaren bigarren zatian botako ditu, eta ekaitza egiteko arriskua egongo da. Halere, larunbatean baino euri gutxiago egingo du. Tenperaturak koska bat egingo du behera, eta beroenak 18-19 gradukoak izango dira.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eta bidali argazkiak eta bideoak eitb.eus-era.