Gizartea -

Futbola

Hiru segurtasun eraztun egongo dira San Mames inguruan, Europa Ligako finalean

EITB Mediak jakin duenez, San Mames inguruko segurtasun kontrolak areagotu egingo dituzte Bilbon Europa Ligako finalean.

San Mames ingurua hesiz itxita
San Mames ingurua hesiz itxita
Hau da izango da San Mames inguruko segurtasun kontrola, Europa Ligako finalerako

0:25

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi aste falta dira Europa Ligako finala jokatzeko. San Mamesek hartuko du Manchester United eta Tottenham Hotspur taldeen arteko norgehiagoka, maiatzaren 21ean. Egun horretarako, segurtasun kontrol zorrotzak prestatzen ari dira Bilbon, bertan inoiz egon den ikuskizun zailenetakoa izango baita. Dena den, ez da arrisku handiko partidua.

EITB Mediak jakin duenez, hiru segurtasun eraztun egongo dira estadioaren inguruan, eta sarrera duten pertsonek soilik izango dute gune horietara sartzeko aukera.

Sabino Arana kalean kokatuko dute lehenengoa. Bertan, lehen kontrola igaro beharko dute bi taldeetako jarraitzaileek. Metalezko itxitura batek mugatuko du bigarrena, eta zelaiaren sarreran dauden tornuek, berriz, hirugarrena

Bestalde, bi kolore izango dira nagusi hirian: urdina eta gorria. Gune urdinera bideratuko dituzte Tottenhameko jarraitzaileak, eta gune gorrira Manchesterrekoak. 

Zaleen Topaguneak izango dira, hain zuzen ere, zaleak biltzeko. Batzuena Etxebarria parkean kokatuko dute, eta besteena Ametzolan. Zaleek behar duten guztia izango dute gune horietan: edariak eta jatekoa, komunak, maletentzako zaindegiak...

Asmoa da talde bakoitzak bere ibilbideari jarraitzea, San Mameseraino egingo duten bidean. Halere, Bilbo osoan batetik bestera joateko aukera izango dute.

Talde bakoitzak 15.000 futbolzale eramango ditu San Mamesera egun horretan, baina milaka lagun sarrerarik gabe iritsiko dira Bilbora. Gainera, UEFAren aurreikuspenen arabera, mundu osoko 150 milioi zalek ikusiko dute finala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Bilbo Bizkaia San Mames Gizartea Eguneko albisteak Albisteak UEFA Europa Liga