Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Getxon emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita
Asteazken gauean gertatu zen erasoa. Emakumeak salaketa jarri zuen ertzain-etxean, eta Getxoko Udalak indarkeria matxistaren aurrean jarduteko eta koordinatzeko protokoloa aktibatu du.
Agentziak | EITB Medida
Asteazken gauean Getxon emakume batek salatutako sexu-erasoa ikertzen ari da Ertzaintza, eta gizon bat atxilotu dute, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Emakumeak salaketa jarri zuen ertzain-etxean, eta Getxoko Udalak indarkeria matxistaren aurrean jarduteko eta koordinatzeko protokoloa aktibatu du.
Ohar batean, Udalak erasoa "erabat baztertu eta gaitzetsi" du, bai eta "generoen berdintasun ezan oinarritzen diren jarrera sexisten ondorioz sortutako eraso guztiak" ere. Gainera, elkartasuna adierazi dio erasoa jasan duen emakumeari, eta babesa eskaini dio.
Azpimarratu duenez, "indarkeria beti da erabiltzen duenaren erantzukizuna, eta erasoa jasan duen emakumea erruduntzat jotzea saihestu behar da". Horrez gain, "erasotzaileen profilik ez" dagoela nabarmendu du.
Azkenik, "berdintasuneko eta begiruneko balioak oinarri dituen gizartea lortzeko lan egiten jarraitzeko" eskatu du, "non emakumeek sexu-harremanak norekin, noiz eta nola izan nahi dituzten askatasunez erabaki dezaketen. Azken finean, emakumeen nahia erabat errespetatzen duen gizartea lortzeko".