Gizartea -
Inkesta
Iruñeak sanferminei buruz galdetuko die herritarrei, besteak beste, zezenen inguruan
Inkesta uztailaren amaieran bukatzea espero da. Alkateak zezenen inguruan galdetuko dela baieztatu du. "Hortik, inkesta batek dioenaren arabera, erabakiak hartuko ditugula ondorioztatzea barregarria da, eta izutzeko helburuari, buloari eta titular errazari baino ez dio erantzuten", gaineratu du.
Agentziak | EITB Media
Iruñeko Udalak sanferminen eta, oro har, jaien eragin sozioekonomikoari eta ingurumenari buruzko inkesta bat egingo du, herritarren pertzepzioa eta balorazioa ezagutzeko, eta zezenketei buruz ere galdetuko die, baina soilik hirian bizi diren pertsonen ikuspegitik.
Inkesta honek 34.957 euroko aurrekontua du, eta uztailaren amaierarako bukatuta egon beharko du. 15 urtetik gorako Iruñeko 1.300 biztanleri galdetuko diete, gutxienez, eta ekainaren 1a eta uztailaren 5a bitartean elkarrizketatuko dituzte, aurrez aurre, etxean.
Horrela, iruindarrek jaien eta sanferminen inguruan duten iritziaren benetako argazkia egin nahi dute.
Joseba Asiron Iruñeko alkateak komunikabideei esan dienaren arabera, oinarrizkoa da "jendeari galdetzea gauzei buruz zer iritzi duen", eta gogorarazi du ekimena Navarra Sumak jarri zuela martxan, hiriburuan agintzen zuenean.
Alkateak esan du ez dituela galderak ezagutzen, baina zezenen inguruan ere galdetuko dutela erantsi du. "Hortik inkesta batek dioenaren arabera erabakiak hartuko ditugula esatea barregarria da, eta izutzeko helburuari, buloari eta titular errazari baino ez dio erantzuten. Alkateak zerbait edo beste egiten duela zabaltzen saiatzen dira. Urte batzuk barru ikusiko dugu nola geratzen den ezerezean UPNk dioena", gaineratu du.
Hainbat gairen inguruko galderak
Inkestako galderen oinarriak hainbat kontu aztertzen ditu: egitarauaren edo ostalaritzaren ordutegiak, jaiaren zentralizazioa edo deszentralizazioa, eremu berdeetan edo ingurumenean duen eragina, eta segurtasuna, erlijiositatea, asoziazionismoa, parte-hartzea, bizikidetza edo mugikortasuna.
Hainbat gai ezagutu nahi dira, hala nola zergatik geratzen diren edo joaten diren iruindarrak jaietan, zenbat diru xahutzen den, zenbat egun ateratzen diren sanferminetan, entzierro eta zezenketen onarpen maila, barraken edo kontzertuen kokalekua, santuarekiko debozioa, emakume, gutxiengo, LGTBI pertsona, adineko edo seme-alabak dituzten familien jaiaren pertzepzioa, eta zerbitzu publikoekin, osasungintzarekin edo zabor bilketarekin duten gogobetetze-maila.