Gizartea -
Herri Urrrats
Manifestazioa deitu du Seaskak maiatzaren 23rako Baionan, agintariei sostengu irmoa eskatzeko
Espero baino eguraldi hobearekin, egun osoko festa ederra ospatu dute Senpereko laku ingurura gerturatu diren milaka euskaltzalek. Seaskak eskerrak eman dizkie guztiei, eta ekarpenak egiteko bideak zabaldu dituzte bertaratu ezin izan diren baina ekarpen ekonomikoa egin nahi dutenentzat.
EITB Media
"Musika, jai-giroa, poza eta ikastolenganako atxikimendua aintziraren ertz guztietara" eramaten laguntzeagatik eskerrak emanez amaitu du Seaskak aurtengo Herri Urrats jaia. Beste behin ere, euskaltzaleek ez dute hutsik egin, eta milaka izan dira gaur, euri iragarpenei entzungor eginez, Iparraldeko ikastolen festaz gozatzera Euskal Herriko txoko guztietatik joan direnak.
Egunaren amaieran argitaratu duten ohar baten bitartez antolatzaileek adierazi dutenez, "elgarrekin ospatu dugu aurtengo besta, urteetan denon maitasunarekin eraiki dugun horri bultzada eman diogu, eta aurrerantzean ere elgarrekin eraikitzen jarraitzeko konpromisoa hartu".
"Mila esker bihotz-bihotzez gaur egun eder hau posible egin duzuen norbanako eta euskaltzale guztiei. Zuei esker egin dugu, eta hurrengo edizioetan ere zuei esker egingo dugu", gaineratu dute.
Goizean egunari emateko irekiera ekitaldian, hitzez harago, sostengu irmoa eta baliabideak eskatu dizkio Seaskak Frantziako Hezkuntza Ministerioari. Salatu dutenez, maiatzera iritsita, Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez die zehaztasunik eman, eta ez dakite datorren ikasturtean zenbat ikasgela eta zenbat irakasle izan ahalko dituzten. Horregatik, manifestazioa deitu dute maiatzaren 23rako Baionan, eta ikasle, irakasle eta gurasoak "kaleak betetzera" deitu dituzte.
Egun osoan bezala irekiera ekitaldian ere, babes zabala jaso du Seaskak, bertan izan baitira Euskal Herri osoko euskalgintzako eta hezkuntzako ordezkariak, bai eta gizarte eta politika munduko ordezkariak ere.
Goizean eguraldiak eutsi badio ere, arratsaldean euria egin du, eta eguna zapuztu ez badu ere, antolatzaileek adierazi dutenez, nabaritu dute eguraldiagatik nahi baino euskaltzale gutxiago gerturatu direla Herri Urratsera.
Hori dela eta, Seaskari lagundu nahi duten guztiei sostengua emateko eskatu diete, "Seaskak eta Ipar Euskal Herrian murgiltze eredua bermatzen duten ikastolek aurrera egin dezaten".
Horretarako, ekarpen ekonomikoak egiteko bideak zabaldu dituzte. Honako hauek dira:
Caisse d'epargne: FR76 1333 5000 4008 9397 1116 819
Credit Mutuel: FR76 1027 8023 8500 0201 4340 107
Laboral Kutxa: ES87 3035 0059 8205 9073 1197
Kutxabank: ES98 2095 5045 8710 6117 7332
Laguntza, euskotan: 790 152 743
Bizum (Hego Euskal Herrian): Sartu bizumen, sartu dohaintzak egiteko atalera, idatzi 'HERRI URRATS' eta egin ekarpena. Txertatu beharreko kodea: 07508.