Gizartea -
EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA
Bikote bat atxilotu dute Bilbon, emakume bat prostituitzera behartu eta mehatxu egitea leporatuta
Biktima kolonbiarra da, eta Espainiako Estatuan legezko lana izango zuela promestuta iritsi zen, etxeko lanetan eta haurren zaintzan aritzeko asmoz.
agentziak | eitb media
Espainiako Poliziak bikote bat atxilotu du Bilbon emakume bat prostituziora behartzea egotzita. Garbitzaile eta zaintzari-lanak eskaini zizkioten biktimari, baina gero prostituitzera behartu zuten, eta salaketa jarri zuenean mehatxu egin zioten.
Emakumeari biktima prostituitzera behartzea leporatzen diote, eta bere bikotekide gizonezkoari, justiziaren lana eragoztea.
Biktimari Kolonbian, bere jatorrizko herrialdean, eskaini zioten Espainiako Estatuan legezko lana izatea, batik bat etxeko lanetan eta haurren zaintzan aritzea.
Baina, salatu duenez, Santutxuko etxebizitza batean prostituitzera behartu zuten, egoera berean zegoen beste emakume kolonbiar batekin batera.
Ustezko proxeneta eta bere bikotekidea bi adingaberekin bizi ziren etxebizitzan, eta joan egiten ziren prostituziorako hitzorduak zeudenean.
Emakumea atxilotu zutenean, bere bikotekidea biktimarekin jarri zen harremanetan presioa egiteko, salaketa erretiratzeko mehatxu eginda eskatuz. Horregatik, gizonari justiziaren lana eragoztea egozten diote.