Gizartea -

EUSKARA

Doakotasuna indarrean sartu zenetik % 20 hazi dira matrikulazioak euskara ikasteko HABEren A1 mailan

"Gizarteak euskaran duen interesa islatzen dute" datuok, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren arabera.

Artxiboko irudia.
Artxiboko irudia.
Artxiboko irudia.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

17.712 pertsonak eman dute aurten izena euskara-mailaren bat egiaztatzeko Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) deitutako azterketetan, iaz baino % 6,14 gehiagok eta duela bi urte baino % 17,3 gehiagok. Matrikulazioek ere gora egin dute, oro har: ikasturte honetan, adibidez, A1 mailan, % 20 hazi da izen-emate kopurua, eta azken hiru urteotan, C1 mailako eskolak jasotzeko matrikulatu direnen kopuruak % 73 egin du gora (16-18 urte artekoak).

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman ditu datuok, Gobernu Kontseiluaren ondoren egin duen agerraldian, eta euskararen irakaskuntzan "doakotasunerantz aurrera egiteko politikekin" lotu ditu. Bere hitzetan, "gizarteak euskaran duen interesa islatzen dute", eta bide horri eusteko konpromisoa berretsi du.

"Euskara aukerak biderkatzeko gai den hizkuntza da. Pertsona berriekin, errealitate berriekin, kulturarekin eta lan-aukerekin konektatzeko aukerak. Hizkuntzaren ezagutza ezinbestekoa da hizkuntzaren erabilera sozialerako bilatzen dugun jauzi kualitatiboa emateko. Pausoz pauso, uste dugu hau dela bidea", esan du

Horiek esanda, joan den astean egin ziren azterketen inguruko datuak aletu ditu, hainbat puntutan azpimarra jarrita. Iazko datuekin alderatuta, 1.000 pertsona baino zertxobait gehiagok egin zuten azterketa (% 6,14 gehiago): 500 lagun euskaltegietako ikasleen deialdian, eta 500 inguru deialdi irekian (ordenagailu bidezko HOBE deialdia kontuan izanda).

Sailburuaren arabera, "nabarmentzekoa da C1 mailan izan den igoera: % 8,11 guztira". B2n ere igoera egon da (% 6,69), batez ere Bizkaian: 100 bat lagun gehiagok eman dute izena deialdiotan. Eta C2 mailan izan den gorakada ere deigarria da: euskaltegira joan direnen artean % 21 egin dute gora izen-emateek.

Orotara, euskara ikastea bultzatzeko lau laguntza-lerro ditu martxan Jaurlaritzak: azken bost urteotan, 18,7 milioi euro bideratu dira horretera, eta 42.300 pertsonak eskatu dute hizkuntza ikasteko laguntza.

Bengoetxeak zehaztu duenez, ikasturte honetan "arreta berezia" jarri dute A1 mailako ikasleengan. "Euskaraz ez dakitenak erakarri nahi ditugu, eta Eusko Jaurlaritzaren apustu horri esker % 20 gehitu ditugu oinarrizko maila horretako matrikulazioak".

Amaitzeko, datorren ostegunean hasiko den Euskaraldiaren 4. edizioan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, "lotsak eta aurreiritziak" atzean utzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Eusko Jaurlaritza albisteak Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Euskaraldia Gizartea