Gizartea -
Europa Ligako finala
Bilboko metroak San Mameseko geltokia itxiko du Europa Ligako finalaren egunean, 15:00etatik
Gainera, pilaketak atzematen badituzte, gainerako geltokietan ere itxiera partzialak egingo dituztela azaldu du Metro Bilbaok.
EITB Media
Bilboko metroak San Mameseko geltokia itxiko du Europa Ligako finalaren egunean, hau da, maiatzaren 21ean, asteazkena, 15:00etatik aurrera. Segurtasun arrazoiak direla eta itxi egingo dute, eta Indautxu, Deustu eta Moyua izango dira alternatibak.
Gainera, Metro Bilbaok ohartarazi du gainerako geltokietan ere itxiera partzialak egingo dituztela jende pilaketak atzematen badituzte, pertsonen segurtasuna helburu.
Ingalaterrako Tottenham eta Manchester United taldeek San Mamesen jokatuko duten finala dela eta, metroak zerbitzu berezia jarriko du martxan, egun horretarako espero den garraio-eskari handiari erantzuna emateko.
Zerbitzu berezia partidaren amaieran hasiko da (partidak luzapena edo penaltiak izan arren), goizaldeko 03:00ak arte.
Hain zuzen ere, partidaren amaieratik 01:15era, trenen joan-etorrien maiztasuna ohikoa baino bi aldiz handiagoa izango da: 7,5 minutukoa lineen zati komunean, eta 15 minutukoa Ezkerraldera eta Eskuinaldera joateko. Ordutik 03:00etara, aldiz, 15 eta 30 minutukoak izango dira.
Joan-etorria arinagoa izateko xedez, Barik txartela edo tiketa eskutan eramatea gomendatu du Metro Bilbak. Era berean, txartela kargatu edo tiketa erosi behar izanez gero, aldez aurretik egiteko dei egin dute.