Gizartea -
EGURALDIA
Abisu horia euriagatik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean eta Nafarroa osoan, eguerditik aurrera
Eguraldi iragarpenaren arabera, baliteke Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat tokitan metro koadroko 20 litro baino gehiago pilatzea.
AGENTZIAK | EITB Media
Eguerditik aurrera, eguraldiak kaskartzera egingo du eta euri zaparrada handiak bota ditzake Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean eta Nafarroa osoan. Halaber, ekaitza lehertu daiteke zenbait tokitan. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak euriagatiko abisu horia aktibatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko barnealdean, 13:00etatik 21:00etara. Arrazoi beragatik eta ekaitzagatik, Aemetek Nafarroa osoa abisupean jarri du, eguerditik aurrera.
Segurtasun Sailaren arabera, litekeena da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat tokitan metro koadroko 20 litro baino gehiago pilatzea. Zaparradak handiak eta trumoitsuak izan daitezke barnealdeko zenbait tokitan, bereziki Araban. Gainera, txingorra (1-2 cm) ere egin dezake.
Abisu horia euriagatik eta ekaitzengatik, Nafarroan
Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak abisu horia ezarri du, 12:00etatik aurrera, Nafarroa iparraldean, Pirinioetan eta Erriberan, eta 15:00etatik aurrera, erdialdean. Iragarpenaren arabera, zenbait tokitan metro koadroko 15 eta 25 litro artean pilatu daitezke.
Zure argazkiak eta bideoak EITBko erabiltzaileen atarira bidal ditzakezu.