Gizartea -
Europa Ligako finala
San Mamesko segurtasun eremuaren barruan dauden tabernak eta dendak zabalik egongo dira finalaren egunean
Bilboko estadioan jokatutako Europako azken hiru partidetan ez bezala, inguruko tabernek eta saltokiek ateak zabalik izan ahalko dituzte maiatzaren 21ean.
EITB Media
Astebete baino gutxiago falta da Europa Ligaren finala San Mamesen jokatzeko, eta Bilboko Udalak prest du operatiboa. Horren harira, eta aurreko hitzorduetan ez bezala, Bilboko estadiotik gertu dauden ostalaritza eta merkataritza saltokiak zabalik izango dira egun horretan, maiatzaren 21ean.
Izan ere, San Mamesen jokatu diren Europa mailako azken hiru futbol norgehiakoetan, inguruko taberna eta jatetxeek ateak itxi behar izan zituzten partidaren atarian, segurtasuna bermatze aldera.
Oraingo honetan, hiru segurtasun eraztun ezarriko dira, eta partidarako sarrera dutenak bakarrik sartu ahalko dira eremu horretan. Segurtasun eremuak kale tarte hauei eragingo die: Felipe Serrate kalea (1. eta 3. atariak), Poza lizentziatuaren kalea (62, 64 eta 77), Luis Briñas (1etik 23ra), eta Sabino Arana (4tik 30era).
Hitzorduan nahasitako erakunde eta taldeek (Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala eta UEFA) saltoki eta ostalaritza elkarteekin adostutakoaren arabera, segurtasun perimetroaren barruan saldutako edariak ez dituzte kristalezko edalontzietan zerbitzatuko.
Bestalde, estadiora sartuko diren pertsona guztiei gomendatu diete UEFAren aholkuak betetzea eta San Mames estadioan bertan nahiz hiri osoan ezarritako kolore seinaleak kontuan hartzea.
Halaber, Bilboko Udalak aholkatu die eremu horretako saltoki, taberna eta jatetxeei bezperan, maiatzaren 20an, egoki hornitzea.