Gizartea -
Garraioa
Renfek aldiriko trenen 137 joan-etorri eskainiko ditu Araban astean, maiatzaren 30etik aurrera
Altsasu eta Miranda Ebro lotuko dituen zerbitzuak Araian, Dulantzin, Agurainen, Gasteizen, Iruña Okan, Argantzonen eta Manzanosen egingo ditu geldialdiak.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburu Susana Garcia Chuecak eta Renfe Bidaiariak enpresako zuzendari nagusi Rafael Cortes Navarrok gaur, ostiralarekin, iragarri dute maiatzaren 30etik aurrera 137 joan-etorri eskainiko dituztela Araban Renfe Aldiriek astero. Hain zuzen ere, Altsasu eta Miranda Ebro lotuko dituzte, eta guztira bederatzi geldialdi egingo dituzte ibilbide osoan.
Goizeko lehen orduan, eguerdian eta arratsaldean, indartu egingo dute zerbitzua, eta asteburuetan zerbitzu gehiago jarri eta ibilbideak luzatuko dituzte.
Astean zehar, 41 trenen zerbitzua luzatuko dute, 25 bidaia berri estreinatuko dituzte eta orain arteko 71 lineak beren horretan geratuko dira, aldaketarik gabe. Horrek esan nahi du zerbitzuen % 48 berrituko dutela.
Horretarako, lau milioi euro inguruko inbertsioa egin du Eusko Jaurlaritzak. Bestalde, ADIFek geltokiak berritzeko lanak egingo ditu.
Altsasu eta Miranda Ebro lotuko dituen zerbitzuak Araian, Dulantzin, Agurainen, Gasteizen, Iruña Okan, Argantzonen eta Manzanosen egingo ditu geldialdiak.