Gizartea -
LGTBIfobiaren aurkako eguna
LGTBIQ+ pertsona askok oraindik ere pairatzen duten diskriminazioa eta indarkeria salatu ditu Berdinduk
Nerea Melgosa Ongizate sailburuak "bestearen azalean" jartzeko eta "gaizki dagoena" salatzeko deia egin du. EH Bilduk kolektiboaren kontrako eraso guztiak gaitzetsi eta eskubiden aldeko konpromisoa berretsi du. Podemos Euskadik "gorrotoari eta intolerantziari" aurka egiteko eskatu du.
Olatz Prat | EITB Media
1990eko maiatzaren 19an homosexualitatea buru-nahasmenduen zerrendatik kendu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak. Ordutik, maiatzaren 17an Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu osoan.
Egun seinalatu honekin bat eginez, Berdindu Eusko Jaurlaritzaren sexu- eta genero-aniztasunari buruzko informazioa eta arreta emateko zerbitzuak manifestu batean azpimarratu duenez, azken urteotan "aurrerapenak" egon badira ere, "LGTBIQ+ pertsona askok oraindik ere diskriminazioa, bazterketa eta indarkeria" pairatzen dituzte. Are gehiago, azken urteetan "gorroto delituek gora egin" dutela nabarmendu dute, "kasu asko salatzen ez diren arren".
Berdindutik ohartarazi dutenez, euskal gizartean "lan asko dago oraindik egiteko benetako berdintasunaren bidean". "aurreiritziak, ideia faltsuak estereotipoak, bazterkeria eta gorrotoa oraindik presente daude gizartearen sektore askotan", horren esanetan.
"Sexu- eta genero-aniztasuna bizitzeko eta adierazteko askatasuna oraindik ez da guztizkoa. Horregatik, garrantzitsua da lanean jarraitzea pertsona guztiok berdinak izan gaitezen, diskriminaziorik eta indarkeriarik gabe", azpimarratu dute.
Eusko Jaurlaritzak "pertsona ororen eskubideen defentsarekiko duen konpromisoa" berretsi du Berdinduk, bai eta "diskriminazioa sufritzen dutenak babesteko lege eta neurriak egiten jarraitzekoa ere".
Ildo beretik mintzatu da Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua ere. "Bestearen azalean" jartzeko deia egin du, bai eta elkartasunez jokatu eta "gaizki dagoena" salatzeko ere.
"Garrantzitsua da zuk eta nik batera jardutea. Zertarako? Kolektibo hauekiko gorroto delituak ikusarazteko, batez ere transfobiarekiko". Sare sozialetan zabaldutako bideo batean eman duen datuaren arabera, Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko Eraberean sareak (arraza, etnia edota nazio jatorriak zein sexu-orientazioa eta -identitateak eta genero identitateak eragindako diskriminazioari aurre egitea helburu duena) 33 salaketa jaso zituen iaz.
EH Bilduk "eraso guztiak desagerrarazteko eta eskubideetan aurrera egiteko konpromisoa" berretsi du gaur, LGTBIfobiaren aurkako egunean.
Sare sozialetan argitaratutako mezu batean nabarmendu dutenez, Euskal Herrian "gehiengo sozial eta politiko kritiko nahikoa" dago halako indarkeriei aurre egiteko, baina "haratago" joateko eta "ekintzei bide" emateko deia egin du.
Koalizio subiranistaren iritziz, "biktimei elkartasuna adierazteaz gain, beharrezkoa da jarrera horiek desagerrarazteko politika publikoak ezartzea". Horren harian, "EH Bilduk norabide horretan lan egiten du egunez egun, gobernatzen duen udaletan, erakundeetan eta kalean", erantsi dute.
Podemos Euskadik, bere aldetik, LGTBIfobiaren aurkako "borrokarekin bat egiteko" eta "inor bazter utzi gabe, guztion giza eskubideak" babesteko eskatu dio euskal gizarteari.
Era berean, azpimarratu dute "atzera egin nahi duten toki guztietan" alderdia "parean" izango dutela, "ezin baita onartu gorrotoak eta intolerantziak lekua irabaztea".