Gizartea -
Tiroketa
Lagun bat zauritu dute tiroz Baionako Balishon auzoan
Apirilean beste pertsona bat zauritu zuten tiro eginda auzo berean. Zauritua arriskutik kanpo dago, eta Poliziak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko. Bestalde, Baionako auzapezak bilera zabal bat deitu du asteazkenerako, auzo horretako segurtasunaz jarduteko.
EITB MEDIA
Iragan apirilaren 24an, 21:30 aldera, gazte bat zauritu zen tiro bat jasota Baionako Balishon auzoan. Moto batean zihoazen bi pertsonak egin zioten tiro.
Auzo berean, bigarren tiroketa bat izan da gauerdian. Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez, pertsona bat zauritu dute, eta ospitalera eraman behar izan dute, baina arriskutik kanpo dago.
Iturri horren arabera, 02:00ak aldera jazo da tiroketa. Hain zuzen ere, saskibaloi zelaian zegoen gazte batek jaso du tiroa. Polizia gertatutakoa ikertzen ari da.
Horrelakoen aurrean kezkatuta, Baionako auzapez Jean-Rene Etchegarayk bilera deitu du asteazkenerako, auzo horretako segurtasunaz jarduteko.