Gizartea -
Hilketa
Gizon gazte bat hil dute gaur goizean Barakaldon, eta ustezko hiltzailea atxilotu dute
Euskaldun Berria plazan gertatu da, zortziak aldera. Bertan aurkitu dute osasun-zerbitzuek biktima, hilda. Lekuko batek mugikorrarekin grabatu du erasoa, eta horri esker identifikatu dute ustezko hiltzailea.
agentziak | eitb media
Ertzaintzak, Udaltzaingoarekin elkarlanean, 23 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizean Barakaldon, gizon gazte bat indarrez hiltzea egotzita.
Euskaldun Berria plazan gertatu da, goizeko zortziak aldera. Lekuko batek Ertzaintzari eta osasun-zerbitzuei deitu die gizon gazte batek beste baten erasoa jaso duela eta larri zaurituta zegoela ohartarazteko, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ertzaintza eta Udaltzaingoa bertaratu dira, eta osasun-zerbitzuek haren heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin.
Agenteek 23 urteko gizon bat atxilotu dute handik gertu, hiltzailea delakoan.
Hilketa ikusi duen lekukoak ETBri azaldu dionez, erasotzaileak harri handi batekin jo du biktima, eta hura lurrera erori ostean, "amorruz" buruan kolpatzen jarraitu du harri berarekin. Mugikorrarekin grabatu ditu gertakariak emakumeak, eta irudi horiei esker identifikatu dute ustezko hiltzailea.
Hura atxilotzera joan direnean, ihes egiten saiatu da, baina, azkenean, harrapatu eta atxilotu egin dute.
Udal iturrien arabera, erasotzaileak delitu-historia zabala du; lapurreta, eraso, agintaritzaren aurkako atentatu eta indarkeria matxistarekin lotutako aurrekariak ditu.