Gizartea -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Juan Mari Aburto, Europa Ligako finalari begira: "Dena prest dago (Bilbon) gauzak ongi irten daitezen"
Bilboko Udalak esku artean dituen datuen arabera, Manchester United eta Tottenham futbol taldeen 55.000 zale inguru iritsiko dira Bilbora. Bi zaletu-taldeen arteko harremanak onak dira, eta horregatik ez dute aurreikusi istilu handirik egongo denik.
O. A. | EITB Media
Datorren asteazkenean San Mames futbol zelaian jokatuko den Europa Ligako finala dela eta, 55.000 zale britainiar izango omen dira Bilbon. Bi zaletu taldeen arteko harremanak onak direla azpimarratu du Juan Mari Aburto alkateak eta horregatik ez dute aurreikusi aparteko istilurik egongo denik. Edozein kasutan, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak segurtasun dispositiboa prest dute, "gauzak ongi irten daitezen".
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan Aburtok onartu du gisa horretako nazioarteko ekitaldi bat hirian egiteak eragozpenak eragingo dituela, baina aldi berean uste du aukera "oso polita" dela hiriaren irudia "hobetzeko".
Hainbat hedabidek Erresuma Batutik 80.000 zale iritsiko direla zabaldu badute ere, kopuru hori 55.000ra apaldu du Aburtok. Udalak esku artean dituen datuen arabera, guztira 170 charter hegaldi dira etortzekoak. Segurtasunari lotutako puntu beroak San Mames ingurua, Tottenham eta Manchester United taldeen zaletuen guneak (fan zone izenekoak) —Ametzolan eta Etxebarria parkean, hurrenez hurren— eta fan zone neutrala (Areatzan) izango dira.
Finala dela eta antolatutakoak hainbat aldaketa eragingo ditu inguru horietan. Horren jakitun, elkartasunerako deia egin du Aburtok "zailtasun" horiek denon artean "gainditzeko". Halaber, datorren asteazkenean norbere ibilgailua barik garraio publikoa erabiltzeko eskatu du.
Amaitzeko, Aburtok adierazi du helburua dela Bilbo bisitatuko duten zaleek esperientzia ona izatea etorkizunean berriro itzultzeko gogoa izan dezaten.