Gizartea -

Udaberri euritsua

Euri-jasek arazoak eta uholdeak eragin dituzte Gipuzkoako barnealdean

Gabirian, Ezkio-Itsason eta Ormaiztegin eragin dituzte euriteek arazo handienak. Ezkio-Itsason, pertsona bat erreskatatu dute auto barrutik.

Uholdeak Ormaiztegin (Gipuzkoa). Irudia: EITB
Uholdeak Ormaiztegin (Gipuzkoa). Irudia: EITB
Euri jasa handien ondorioz, Gipuzkoa barnealdean ura sartu da hainbat etxebizitza, garaje eta enpresetan

0:43

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euri-jasek arazoak sortu dituzte astelehen arratsaldeko lehen orduan Goierriko hainbat herritan, Gipuzkoako bihotzean.

Gabirian, errekak gainezka egin du eta ura dozena erdi bat etxebizitzatan eta hainbat baserritan sartu da, eta garajeak urez bete dira. Ezkio-Itsason, euri zaparrada handiak herria zeharkatzen duen errepidea ibai bihurtu du. Ormaiztegin ere ekaitzak gogor jo du, eta bizilagunei ura ateratzea besterik ez zaie geratu.

Ezkio-Itsasoko Alegia auzoan, hainbat etxabe eta garaje urpean geratu dira, eta suhiltzaileek esku hartu behar izan dute ura ateratzeko. Pertsona bat ere erreskatatu dute auto barrutik.

Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileek zehaztu dutenez, prezipitazioen ondorioz Santa Luzia errekak gainezka egin du Alegia auzoan, 15:00 aldera.

Ibaitik hurbilen dauden pabiloi eta lokaletan izandako uholdeen ondorioz, Legazpi, Ordizia, Tolosa eta Azpeitiko suhiltzaileek esku hartu behar izan dute.

Prezipitazioek, gainera, lur-jausi bat eragin dute, eta Azpeitia eta Beasain lotzen dituen GI-2635 errepidea itxi dute, Mandubia parean, Ezkio-Itsason ere, Segurtasun Sailak zehaztu duenez.

Horrela, ekaitzak Gipuzkoako barnealdea astindu du, eta bide asko lokamuts bihurtu dira, Legazpi eta Urretxu arteko errepidea, esaterako. Mutiloan egin du euri gehien (59 litro, metro karratuko), ondoren Zumarragan (51 litro) eta Bidanian (47 litro). Hala ere, okerrena amaitua da, eta abisu horia bertan behera utzi dute.

Ur-putzu handi batek GI-2630 errepidea estali du, Legazpi eta Urretxu artean
Ur-putzu handi batek GI-2630 errepidea estali du, Legazpi eta Urretxu artean
Ur-putzu handi batek GI-2630 errepidea estali du, Legazpi eta Urretxu artean

0:41
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Uholdeak Udaberria Ekaitzak Goierri