Gizartea -
AIRE TRAFIKOA
Europa Ligako finalak aire trafiko historikoa ekarri du: 195 hegaldi gaur Loiun, eta bihar, 282
AENAk aireportuetako zerbitzuak indartu ditu eta dendetako ordutegiak zabaldu. Ostegunean 276 hegaldi egingo dira Loiutik Manchester United eta Tottenhamen zaleak Ingalaterrara itzultzeko.
EITB MEDIA
San Mamesen jokatuko den Europa Ligako finalaren karietara, AENAk zerbitzu bereziak abian jarri ditu hainbat aireportutan. Gaur, 195 hegaldi daude aurreikusita, eta bihar, 282. Egunotako hegaldi kopurua aireportuko historiako handienetako bat da.
Gainera, ostegunean 276 hegaldi egingo dira Manchester United eta Tottenhamen zaleak Ingalaterrara itzultzeko.
Milaka zale ingelesek Bilbora bidea egin dute egunotan. Horrek aire trafiko handia eragin du, ez bakarrik Loiuko aireportuan, baita Hondarribia (15 gaur, 12 bihar eta 21 ostegunean), Gasteizko Forondan (9 gaur, 17 bihar eta 15 ostegunean) eta Santanderreko aireportuan ere; operazio bereziak ezarri dira zaleen beharrei erantzun ahal izateko.
Maiatzaren 21etik 22ra Forondako aireportua aktibatuko da goizaldean, eta zazpi charter hegaldi irtengo dira 01:30etik aurrera, partidaren ondoren
Bidaiari horiek guztiak Bilboko erdigunera eramango dituzte autobus bidez, garraio publikoa indartuz, eta zirkulazioan pilaketak saihesteko asmoz. Udal eta foru erakundeek lankidetzan antolatu dute garraio sistema, fluxuak ahalik eta modu koordinatuenean kudeatzeko.
AENAk, halaber, aireportuetako zerbitzuak indartu ditu: informazio guneetan, segurtasun arloan eta garbiketan langile gehiago izango dira. Aireportuetako dendetako ordutegiak ere zabaldu dira, bidaiariak erosoago ibili daitezen.