Gizartea -
Epaiketa
EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Santi Coca hil eta ihes egiteagatik zigortutako gizasemearen kondena
Ohar batean azaldu duenez, herri-epaimahai batek zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa delitu baten errudun jo zuen akusatua azaroaren 19an.
Agentziak | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Santi Coca adingabe donostiarra hiltzeagati epaitu aurretik Frantzian ihes eginda egon zen gazteari Gipuzkoako Auzitegiak ezarritako hiru urte eta erdiko zigorra.
Hala, auzitegiak atzera bota du Fiskaltzak jarritako errekurtsoa, eta Auzitegiaren epaia berretsi du.
Ohar baten bidez gogoratu duenez, azaroaren 19an herri-epaimahai batek erruduntzat jo zuen, Santi Coca 17 urteko gaztea hiltzea eta zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa delitua egotzita. Coca 2019ko apirilaren 26an hil zen, ospitalean, Donostiako diskoteka baten kanpoaldean jipoia jaso eta bi egunera.
Epaimahaiak, halaber, Alejandro Palacio abokatuak defendatutako auzipetua Santi Cocaren anaiaren aurkako lesio-delitu arin baten errudun jo zuen. Delitu horren ondorioz, aipatutako espetxe-zigorraz gain, 420 euroko isuna ordaintzera kondenatu zuten, baita hildakoaren gertukoei konpentsazio ekonomikoak ematera ere.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztutako errekurtsoan, Fiskaltzak, besteak beste, inkongruentzia argudiatu zuen epaiaren arrazoibideetan eta emandako epaian, bere ustez ez zelako "arrazoizkoa pentsatzea akusatuaren jokabidea zuhurtziagabekeriazkoa eta ez dolozkoa zela".
Hala ere, auzitegiak gogorarazi du herri-epaimahaiak "argi eta garbi" baztertu zuela akusatuak egindakoak adingabearen bizitzarako arrisku handirik ekar zezakeenik, eta, beraz, ezin zela aitortu gertatutakoa dolozko giza hilketa izan zenik.
"Epaimahaiak akusatuak adingabearen bizitzarako arrisku garrantzitsurik sortzeko asmorik ez zuela adierazi zuenean, ez zen modu arbitrarioan arrazoitzen ari; akusazioaren hipotesiko egiaztatutako alderdiak hautatu zituen, eta, aldi berean, zuzeneko eta zeharkako frogen inkriminazio-balio eskasa aldarrikatu zuen, dolozko egiletza eraikitzeko", zehaztu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak.
Hala ere, epaia ez da irmoa eta errekurtsoa aurkez daiteke Auzitegi Gorenean.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak orain kondena berretsi dion gaztea gertakari horrengatik zigortutako bigarrena da; izan ere, 2024ko urtarrilean, gertakarietan parte hartu zuen beste gizon bati hiru urte eta erdiko zigorra ezarri zioten zuhurtziagabekeriazko giza hilketa delitu baten egile gisa.
Auzi hartan bertan, karguak kendu zizkioten auzipetu bati, eta epaimahaiak hiru gazte absolbitu egin zituen.