Gizartea -
Sexu-erasoa
Epailearen aurrera eraman dituzte Donostian adingabe bati sexu-erasoa egiteaz akusatutako bi gizonak
Donostiako Udalak bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundiaren gaitzespen mezuarekin. Biktima Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapean dagoen adin txikikoa da.
EITB MEDIA
Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen atzo, Donostian adin txikiko bati sexu-erasoa egitea egotzita. Erasoa Ulia mendian gertatu zen astelehen goizaldean, eta Ertzaintzak zabalik dauka ikerketa. Gipuzkoako Aldundiaren ardurapean dagoen neska bat da biktima. Atxilotuak epailearen aurrera eraman dituzte dagoeneko.
Zabaldutako ohar batean, foru erakundeak adingabeak jasandako "erasoa gaitzetsi" eta "biktimarekiko eta haren inguruarekiko erabateko babesa eta elkartasuna" adierazi ditu. Halaber, jakinarazi du salaketa jarri duela eta, beraz, prozedura judiziala eta polizia-ikerketa abian direla. Ertzaintzak "bere lana zorroztasunez eta erantzukizunez" egin dezan eskatu du.
Horrez gainera, "adingabearen babesa, zaintza eta jarraipen osoa bermatzeko neurriak" hartu dituela azaldu du.
Donostiako Udalak bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundiaren gaitzespenarekin.
Donostiako Udalaren Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat egin du biktimari eta haren ingurukoei elkartasuna adierazteko, eta haren esku jarri ditu "osatzeko eta aurrera egiteko prozesuan laguntzeko" behar dituen informazioa eta baliabideak.
Bere aldetik, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak bat egin du Aldundiaren oharrarekin, eta "kontu handiz" jokatzea galdegin du, biktima adin txikikoa dela nabarmenduz.
Halaber, baieztatu du beste bi gizonezko ere ikerketapean daudela, erasoarekin zerikusia dutelakoan.