Gizartea -
Epaia
Herri-epaimahaiak Nelson David Moreno errudun jo du hilketagatik, iruzurragatik eta lapurretagatik
Zazpi gizonek eta bi emakumek osatutako epaimahaiak errudun jo du indarkeria erabiliz egindako hilketa eta lapurretagatik, aldeko zazpi botorekin eta kontrako birekin, eta iruzurragatik eta inoren egoera zibila usurpatzeagatik, aho batez. Aho batez ere indultaren aurka agertu dira.
EITB Media
Herri-epaimahaiak Nelson David Moreno errudun jo du hilketagatik, iruzurragatik eta lapurretagatik, Euskadi Irratiak jakin duenez. Konkretuki, epaimahaiak 2021eko urrian Bilbon gizonezko bat hiltzeagatik erruduntzat jo du. Beste lau krimen egotzi dizkiote, zita-aplikazioen bidez ezagutzen zituen gizonezko homosexualen hilketa, hain zuzen ere.
Bizkaiko Auzitegiko seigarren sekzioan egin da egunotan Bilbon bost gizonezkoren hilketarekin lotzen duten gizasemearen aurkako lehen epaiketa.
Zazpi gizonek eta bi emakumek osatutako epaimahaiak errudun jo du indarkeria erabiliz egindako hilketa eta lapurretagatik, aldeko zazpi botorekin eta kontrako birekin, eta iruzurragatik eta inoren egoera zibila usurpatzeagatik, aho batez. Aho batez ere indultu eskaeraren aurka agertu dira.
Fiskaltzak 34 urte eta erdiko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du (25 hilketagatik, bost indarkeriaz lapurtzeagatik, hiru iruzurragatik eta bat eta erdi inoren egoera usurpatzeagatik).
Bestalde, herri-akusazioak eta akusazio partikularrak, Gehitu elkarteak, gehienez 39 urteko espetxe-zigorra eskatu du, baita kartzelatik ateratzen denean biktimaren senideen herri berean hamar urtez bizitzeko debekua eta familiari 150.000 euroko kalte-ordaina ematea ere.
Egozten zaizkion bost heriotzez gain, ikertzaileek uste dute egun horietan gertatutako bi hilketa saiakeraren egilea —hilean bi aldiz egiten zituen erasoak— , eta biktimek profil bera dutela: gizon homosexualak, 43 eta 73 urte artekoak eta bakarrik bizi zirenak.
Kasu guztietan, gorpuak antzeko jarreretan agertu ziren, etxeko atea bortxatuta zegoen, eta biktimak elkarrengandik gertu bizi eta jendea ezagutzeko aplikazioak erabiltzen zituzten. "Sexu-orientazioa funtsezko ezaugarria zen; merkatu-nitxo bat zen", ertzain ikertzaileek adierazi zutenez.
Biktima guztien banku-kontuetan mugimenduak egin zituzten hil ondoren, eta, zenbait kasutan, ustezko erasotzailearen telefono-zenbakia zuten memorian.
Nelson David Moreno, Zaballako espetxean dago aurretik egindako delitu bategatiko zigorra betetzen.