Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Euskaraldiaren balorazioa, Israel-Palestina eta Trumpek muga zergak atzeratu dizkio EBri
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko maiatzaren 26an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Euskaraldiaren balorazioa: Euskaraldiaren antolatzaileek laugarren edizioaren balantzea egingo dute, 10:30etatik aurrera, Bilbon. Euskaraldiaren antolatzaileek balantze ofiziala egin aurretik, ariketa kolektibo honetan parte hartu duten herritarrei galdetu die EITB Mediak, edizio hau nola bizi izan duten jakiteko. Denetariko iritziak bildu ditugu: batzuek esan dute inoiz baino txapa gehiago ikusi dituztela; beste batzuek, berriz, inoiz baino gutxiago ikusi direla, baina guztiek aho batez defendatu dute hau ezin dela 11 eguneko ariketa bat bakarrik izan, eta urte osoan euskaraz hitz egiteko ohiturari heldu behar zaiola.
- Israel-Palestina: Israelgo Armadak Gazako Zerrenda bonbardatzen jarraitzen du, eta gutxienez 25 pertsona hil ditu astelehen goizaldean eskola baten aurka egindako erasoan. Halaber, Espainiako Gobernuak Israeli arma-salmenta eteteko proposatu du, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa presionatzeko neurri gisa, Gazan egiten ari den erasoaldia gelditu dezan. Hain zuzen ere, Madrilgo Taldearen goi-bileraren hasieran egin du proposamen hori.
- Muga zergak: Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak uztailaren 9ra arte atzeratu ditu Europar Batasuneko hainbat produkturen inportazioari ezarri nahi dizkion % 50eko muga zergak.