Gizartea -

LEHEN BALORAZIOA

Euskaraldiak "mugimendu izugarria" sortu du, kalean "nahi baino txapa gutxiago" ikusi arren

Inoizko parte-hartze handiena izan du laugarren edizioak: 135.000 herritarrek eman dute izena, 450 herrik hartu dute parte eta 7.500 erakunde baino gehiago batu dira ariketara. Arnas luzeko ekimena dela jakinda, datuok erakusten dute beste pauso bat eman duela ekimenak, antolatzaileen arabera.

Bilbo, gaur. Argazkia: Euskaraldia
Bilbo, gaur. Argazkia: Euskaraldia
Bilbo, gaur. Argazkia: Euskaraldia

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Izugarria izan da Euskaraldiak sortu duen mugimendua. Inoizko herri gehien batu dira ariketara, 'belarriprest' eta 'ahobizi' kopurua orain arteko handiena izan da, eta ekimenarekin bat egin duten entitateen kopurua ere goranzko bidean da. Halere, nahi baino txapa gutxiago ikusi dira kalean, eta hori da orain aztertu beharrekoa.

Laugarren edizioa amaitu eta biharamunean egin duten lehen balorazioaren laburpena da hori. Bilbon egin dute agerraldia Euskaraldiko koordinazio mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariek. Han egon dira Irati Iciar, Taupa euskaltzaleen mugimenduaren lehendakaria; Javier Arakama, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren zuzendaria; Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea; David Aire, Euskararen Erakunde Publikoko mugaz gaindiko harremanen arduraduna; eta Jon Kobeaga, Euskaraldiaren koordinatzailea. 

Denak pozik agertu dira, uste baitute berriro ere euskararen erabilera erdigunean jartzea lortu dela eta herritar askok euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egiteko baliatu dutela ariketa. "Badakigu Euskaraldia eraginkorra dela", esan dute.

Balorazio sakonagoa aurrerago egingo badute ere, ariketak utzitako lehen datuak eman dituzte gaurko agerraldian. Esan dutenez, ia 135.000 herritarrek eman dute izen edizio honetan, baina askoz gehiagok hartu dute parte ariketan. "Herri askotan izen-emateak baino txapa gehiago banatu dira".

Ifrentzuan, zenbat txapa ikusi den kalean. "Nahi baino gutxiago ikusi ditugu kalean, eta hori aztertu beharrekoa da. Zergatik pertsona batzuek txapa hartu bai, baina gero janzten ez duten", esan dute antolatzaileek. Gogorarazi dute txapa "ezinbesteko elementua" dela, ariketa modu "eraginkorrean" egiteko.

Horrekin batera, nabarmendu duten beste datua aurten ekimenera batu den herri kopurua izan da: 450 herri, "inoizko gehien". Horrek esan nahi du, sustatzaileen hitzetan, "inoizko herri gehienetan piztu dela ariketaren beharra eta antolatzeko ilusioa".  Herri batzordeak "osasuntsu eta indartsu" daudela ere erantsi dute.

Bestalde, Euskaraldiarekin bat egin duten erakundeen kopuruan jarri dute azpimarra. Aurreko urteetako izen-emate kopurua gainditu eta 7.500 izan dira ekimenera batu diren entitateak, "euren kideen artean Euskaraldia sustatuz, ikusgarri eginez eta euskara gehiago erabiltzeko pausoak emanez". Berri "ezin hobea" dela diote.

Ariketa udazkenetik udaberrira ekartzea ere positiboki baloratu dute, giro onak jende gehiago erakarri duelakoan.

Orain, datuak xeheago aztertu eta ikerketa sakonagoa egitea da asmoa, hurrengo Euskaraldia "are hobeagoa" izan dadin. Zentzu horretan, edizio honetan parte hartu duten herritarrei euren bizipenen berri ematea eskatu zaie, helbide honetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Euskara eguna gaur Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Euskaraldia albisteak