Gizartea -

GIPUZKOA

Bi pertsona atxilotu dituzte Donostiako eraikin okupatu batean beste biri arma zuriekin eraso egiteagatik

Pertsona bat Donostia Ospitalera eraman behar izan dute zauri "arinekin". 50 pertsona etxetik atera dituzte.

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak jendez hustu du bart Donostiako Martuteneko auzoko eraikin okupatu bat, 50 pertsona atera ditu, eta horietako bi, 35 eta 21 urtekoak, atxilotu egin ditu beste biri arma zuriz eraso egitea egotzita. Erasoa jasan duenetako bat Donostia Ospitalera eraman behar izan dute zauri "arinekin".

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, atzoko 21:30 aldera jaso zuen abisua, Martuteneko eraikin okupatu batean arma zuriekin borrokan egiten ari zirela ohartaraziz.

Ertzaintzaren agente ugari bertaratu ziren, eta oihuak entzuten ziren eraikinera sartu ziren. Agenteek bi pertsona aurkitu zituzten, zaurituta, lurrean, bigarren solairuan.

Ondoren, eraikin osoa miatu zuten, eta besteak beste, ustez erasoan erabili ziren labana bat eta makila iltzedun bat aurkitu zituzten. Gainera, barruan zeuden 50 bat pertsonak eraikinetik aterarazi zituzten, "egoera kontrolatzeko eta gertatutakoa argitzeko" asmoz, aipatu iturrien arabera.

Ertzaintzak 21 eta 35 urteko bi gizonezko atxilotu zituen armekin edo tresna arriskutsuekin eraso egitea egotzita.

Bi zaurituak lekuan bertan artatu zituzten, baina horietako bat Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Ertzaintza Gipuzkoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak