Gizartea -

EPAIA

EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi du Gipuzkoako aterpetxeetako langileen euskara eskakizuna baztertzailea zela

Halere, Gipuzkoako Aldundiak eta LAB sindikatuak jarritako helegiteen zati bat onartu egin du Auzitegi Nagusiak, eta lehiaketa fasearen emaitza kontuan hartuko da plazak betetzeko.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza, Bilbon. Argazkia: EFE
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza, Bilbon. Argazkia: EFE
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza, Bilbon. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskararen aurkako beste ebazpen bat. EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi du Gipuzkoako aterpetxeetako langileen egonkortze prozesuan ezarritako euskara eskakizuna baztertzailea eta gehiegizkoa dela. Horrenbestez, Donostiako auzitegi batek, CCOO sindikatuaren salaketa baten ondoren, iazko urrian kaleratutako epaia ontzat jo du.

Lehen ebazpen horren ondoren, Gipuzkoako Aldundiak eta LAB sindikatuak helegitea aurkeztu zuten, eta horiei erantzuten dio Auzitegi Nagusiaren epaiak. Nolanahi ere, errekurtsoen zati bat onartu egin da, eta lehiaketa fasearen emaitza kontuan hartuko da plazak betetzeko. Sententzian jasota geratu da gaia auzitara eraman zuen langileak ez zuela plaza ateratzeko behar adina puntu lortu, hizkuntza irizpidea kontuan hartu gabe ere.

Gaur zabaldutako ohar batean, CCOO sindikatuak esan du azken epaiarekin argi geratu dela Gipuzkoako aterpetxeetako behin-behineko langileei ez zitzaiela "berdintasun irizpidea" bermatu lan-eskaintzan. "Lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak bateragarriak" direla erantsi du zentral horrek, betiere "proportzionaltasun soziolinguistikoak errespetatuta" eta "langileei euskalduntzeko bitartekoak erraztuta".

Emandako argudioen artean, CCOOk dio aterpetxeetako garbitzaileek "txanda bakoitzeko 3 edo 4 laguneko taldetan" lan egiten dutela, eta horietatik bakarrak edo bik dutela zuzeneko harremana erabiltzaileekin, "otorduetan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusia