Gizartea -

DELITUAK

Bi pertsona ikertu dituzte Nafarroan, 98 urteko emakume baten 111.000 euro baino gehiago bere egiteagatik

Adineko emakumea egoitza batean bizi da, eta haren ondasunak administratzeko notario baten baimena zuten ikerketapean dauden gizon-emakumeak.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi pertsona ikertu dituzte Nafarroan —55 urteko gizon bat eta 53ko emakume bat— administrazio desleiala eta inoren dirua bidegabe bereganatzea delituak egotzita. Zehatzago, egoitza batean bizi zen 98 urteko emakume baten ondasunak bereganatzea, 111.000 euro baino gehiago, eta pertsona hori egoera ekonomiko prekarioan uztea leporatzen zaizkie.

Biktima adinekoen egoitza batean bizi da eta, haren diru-kontuetan ezohiko mugimenduak atzemanda, gizarte-langile batek eman zuen abisua. Guardia Zibileko Delitu Ekonomikoen Lantaldeak ikerketa abiatu zuen, eta ikertutako bikoteak 111.000 euro baino gehiago bidegabe bereganatu zituela baieztatu zuen, bankutik dirua aterata, transferentzien bidez eta biktimaren higiezin bat salduta. 

Adineko emakumearen ondasuna kudeatzeko notario baten baimena zuen ikertutako bikoteak. Ikertzaileen arabera, egindako jarduerek erakusten dute ondasunen gaineko administrazioa ez dela leiala eta zuzena izan.

Orain, Nafarroako Gobernuko fundazio batek hartu du bere gain biktimaren ondasunak kudeatzeko eta babesteko ardura.

Ikertutako bikotea, berriz, Tuterako Instrukzio Epaitegiaren esku utzi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Tutera Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua