Gizartea -
EPAIA
EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabe utzi du Bergaran hondakin planta bat eraikitzeko emandako ingurumen-baimena
Gorka Artola Bergarako alkatearen arabera, epaiak baieztatu du hondakinak errausteko instalazioa "mozorrotu" nahi izan dutela kareharrizko materiala ekoizteko instalazioarekin.
EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Eusko Jaurlaritzak Valogreene paper enpresari Bergaran (Gipuzkoa) planta bat eraikitzeko emandako ingurumen-baimena.
Eusko Jaurlaritzak ingurumen-baimena eman ondotik, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuten Bergarako Udalak, Ekologistak Martxan taldeak eta Bergarako bi bizilagunek. Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, ordea, atzera bota zituen eta orain horiei buruzko erabakia hartu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak.
Justizia Auzitegi Nagusiak emandako lau epai horien arabera, Bergarako Udalak kareharrizko materiala ekoizteko instalazioak eraikitzeko baimena eman zuen, ez, ordea, papergintzako hondakinak errausteko planta bat egiteko.
Dena den, epaia ez da irmoa eta Eusko Jaurlaritzak 30 eguneko epea du kasazio-helegitea aurkezteko.
Bergarako Udala, pozik
Bergarako Udala pozik mintzatu da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaia dela eta.
Gaur goizean Bergaran egindako prentsaurrekoan Gorka Artola alkateak azaldu duenez, epaiak berretsi du papergintzako hondakinak errausteko instalazio bat "mozorrotu" nahi izan dutela kareharrizko materiala ekoizteko instalazioarekin.
Azkenik, alkateak berretsi du herritarren osasunaren eta interes orokorraren alde lanean jarraituko dutela.