Gizartea -

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA

Lau urteko espetxea ezarri diote gizonezko bati Nafarroan, adin txikiko lehengusu bati sexu-erasoa egiteagatik

2024ko martxoan izan zen erasoa, eta handik hilabetera atxilotu zuten erasotzailea. Ordutik, behin-behineko espetxealdian egon da.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau urteko espetxea ezarri diote 21 urteko gizonezko bati Nafarroan, adin txikiko lehengusu bati —gertakariak izan zirenean bederatzi urte zituen neskak— sexu-erasoa egiteagatik. Elkarrekin bizi ziren, Sakanan.

Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Sekzioak gaur kaleratutako ebazpenak probatutzat eman du sexu-erasoa, egin, egin ziola.

Martxoaren 28an egin zen epaiketa, eta aurretik, fiskalak bost urteko espetxea eskatzen zuen auzipetuarentzat, baina azkenean aldeek akordioa itxi dute. Horren arabera, bi urte eta hiru hilabete igaro beharko ditu kartzelan erasotzaileak, eta ondoren, Espainiako Estatutik kanporatuko dute, zortzi urtez.

Horrez gain, biktimari 10.000 euroko kalte-ordaina ere eman beharko dio, eta 200 metroko urruntze-agindua ere izango du. Azken hori ere, zortzi urtez. Espetxealdia amaitutakoan, sei urtez zaintzapeko askatasuna izango du.

2024ko martxoan izan zen erasoa. Adin txikiko neska etxeko egongelan bakarrik zegoela aprobetxatu zuen gizonezkoak, erasoa egiteko. Handik hilabetera atxilotu zuten erasotzailea, eta ordutik, behin-behineko espetxealdian egon da.

Biktimak trauma osteko estresaren nahasmendua du, gertakariak izan zirenetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa