Gizartea -
Euskal Eskola Publikoa
Jaiarekin batera, Euskal Eskola Publikoa hezkuntzaren erdigunean jartzeko aldarria nagusitu da gaur Urduñan
Festak eta aldarrikapenak bat eginda igaro dute eguna, hezkuntza publikoaren aldeko apustua eskatuz eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko elkarlanaren beharra azpimarratuz. Lekukoa jaso dute jada Santurtziko ikastetxe publikoek 2026ko jaia antolatzeko.
Olatz Prat | EITB Media
Festa giroa izan da gaur nagusi Urduñan, bertan goizetik Euskal Eskola Publikoaren jaia ospatu dute, 32.a zehazki, 'Lurra, herria, eskola ERROTU' lelopean.
11:00etan egin dute jaiaren irekiera ofiziala, Urduñako eskolan bertan, eskolako, herriko eta erakunde publikoetako ordezkariak, gurasoak eta, nola ez, haurrak bertan zirela.
Festan bete-betean sartzerako, baina, aldarriak ere izan du lekua. Izan ere, urte gatazkatsua izan da aurtengoa; irakasleek euren lan-baldintzak eta, oro har, hezkuntza sistema publikoan hobekuntzak aldarrikatzeko hainbat greba eta lanuzte egin dituzte, azkenean Jaurlaritzarekin akordioa lortu arte. Gaurkoan ere, hilabeteotan bezala, eskola publikoaren aldeko apustu sendoa eta pribatizazio politikekin bukatzea eskatu dute Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideek.
Urduñako Herri Eskolako guraso elkarteko kideek ere hartu dute hitza ekitaldian, eta, besteak beste, elkartasuna adierazi diete irakasleei.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua ere izan da Urduñan. Horren esanetan, Jaurlaritza prest dago eskola publikoa ikuspegi pedagogiko batetik indartzeko, "baliabideetan, azpiegituretan eta hezkuntza-planifikazioan" inbertsioak eginda. "Kalitatezko hezkuntza garatzea da gizarte batek egin dezakeen apusturik onena", esan du.
Era berean, lanean jarraitzeko deia egin du, hezkuntza-eredu "eraldatzaile eta berdinzaleak" bultzatzen jarraitzeko, tokian tokiko komunitatearen errealitateari errotutako ereduak. Horrez gain, etorkizuneko erronkei aurre egiteko "elkarlanaren beharra" azpimarratu du sailburuak.
Irekiera-ekitaldian, datorren urteko jaia antolatzeko makila jaso dute Santurtziko ikastetxe publikoek.
Egun osoko egitarau zabalaz gozatu dute bertaratu diren milaka pertsonek. Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoen emanaldia, Antzerki musikalak, karaokea, puzgarriak, tailerrak eta kontzertuak, adin eta gustu guztietarako eskaintza izan da.
Egun osoan zehar, kaleko animazio ibiltariak ere izan dira, Reperkusion Feministaren, dultzaineroen, Ugarte Otxotearen, Getxa goi txistu taldearen, Txarlazopeko musikarien eta Urduñako buruhandien eskutik.