Gizartea -
Beroaren ostean
Txingor eta haize ekaitz bortitzak Arabako Lautada eta Gasteiz hiriburua astindu ditu
Gasteizko suhiltzaileek 25 irteera egin behar izan dituzte, batez ere ur-putzu handiak sortu eta ura lokal eta lonjetan sartu baita, hustubideek ezin zutelako euri guztia jaso.
EITB Media
Ekaitz gogor batek Arabako Lautada eta Gasteiz hiriburua astindu ditu gaur arratsaldean, azken orduetako bero handiaren ondotik.
Gasteizko suhiltzaileek 25 irteera egin behar izan dituzte, batez ere ur-putzu handiak sortu eta ura lokal eta lonjetan sartu baita, hustubideek ezin zutelako euri guztia jaso.
Bestalde, trafiko arazo nagusiak Juan Garai kaleko tuneletan eta Antoniareneko biribilgunean eman dira, putzuengatik.
Zuhaitzak eta adarrak erori dira
Zuhaitz bat erori da Zadorra hiribidean, ibilgailu baten gainera, eta ez da inor zauritu, baina zirkulazioa eten behar izan dute.
Beste bi zuhaitz erori dira, bata San Antonio kalean, unibertsitateen parean, eta bestea Betoñuko atean. Bi kasuetan zirkulazioa eten behar izan dute. Gainera, urak edukiontzi ugari mugitu ditu.
Abisuak
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du prezipitazio handiengatik 15:00etatik 21:00etara. Euskalmeten arabera, baliteke metro koadroko 15 litro pilatzea ordubetean.
Aemetek Nafarroa osoa abisupean jarri du ekaitzengatik, 14:00etatik aurrera.
Halaber, Meteofrancek abisu horia ezarri du Pirinio Atlantikoetan ekaitzengatik, 18:00etatik aurrera.
Larunbatean, maiatzaren 31n, tenperaturak zertxobait jaitsiko dira. Isurialde atlantikoan, behe-hodei ugari izango dira, baina zerua zertxobait irekiko da eguerdi eta arratsalde partean. Araba eta Nafarroa hegoaldean, eguzkia nagusituko da.
Arratsaldean, zaparrada trumoitsuak bota ditzake, batez ere barnealdean. Tenperatura maximoak 23-24 ºC ingurukoak izango dira kostaldean, eta 30 ºC inguruan jarraituko dute barnealdean, ipar eta ipar-mendebaldeko haizearekin.
Igandea motela eta hezea izango da. Zerua lainotuta egongo da eta euria egingo du tarteka; gainera, baliteke zaparrada trumoitsuak izatea arratsaldetik aurrera.
Tenperatura maximoek behera egingo dute, eta beherakada hori nabarmenagoa izango da barnealdean. Halaber, haizeak iparraldetik joko du.