Gizartea -
Abisu meteorologikoak
Abisu horia arratsaldean Hego Euskal Herrian, zaparrada mardul eta ekaitz arriskuagatik
Nafarroa erdialdean eta hegoaldean, 15:00etatik 23:00etara egongo da indarrean, eta EAEn, 18:00etatik gauerdira. Euri zaparrada handiak bota ditzake eta orduko 15 litro ere pila litezke zenbait puntutan. Gainera, kazkabarra ere egin dezake.
EITB Media
Maiatzeko azken egunak abisu horia dakar berekin, arratsaldean eurite eta ekaitz arriskua izango baita Hego Euskal Herrian.
Nafarroan ezarriko da aurrena abisu hori, zehazki 15:00etan hasita 23:00ak arte, Nafarroa erdialdean eta Erriberan. Zaparrada mardulak bota ditzake eta orduko 15 litro ere pila litezke zenbait puntutan. Gainera, ez da baztertzen ekaitza lehertzea eta txingorra ere egitea. Haizeak ere abiadura handia harrapatuko du boladaka.
EAEn, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 18:00etatik gauerdira izango du indarrean abisu horia, arrazoi beragatik. Ordu horretatik aurrera, euri zaparrada mardulak espero dira, eta ekaitza ere lehertu daiteke, bereziki Araban. Euriaz gain, 2-3 zentimetroko kazkabarra ere bota dezake, eta haizeak bolada zakarrak edo oso zakarrak izango ditu, 60-80 kilometro orduko abiadura ere harrapatuko baitu tarteka.
Abisu horia ostiralean ere izan zen indarrean, eta aurreikuspenak bete egin ziren, Hego Euskal Herriko barnealdeko zenbait puntutan ekaitzak gogor jo baitzuen. Gasteizen, esaterako, suhiltzaileek eta Udaltzaingoak galtzak bete lan izan zuten arratsaldean, ekaitzak hiria zeharkatu zuenean, trafiko arazoak sortu baitziren, baita ur putzu handiak ere. Etxabe batzuk urak hartu zituen, estoldek gainezka egin zutelako, eta eroritako zuhaitzak eta adarrak kentzen ere nahikoa lan izan zuten.
Bihar, igandea, lainoak izango dira nagusi eta euria egingo du EAEn. Ez da baztertzen arratsaldean ekaitz giroa sortzea. Giroa aurreko egunetan baino freskoagoa izango da, batez ere erdialdean eta hegoaldean, eta haizeak leun joko du iparraldetik.
Nafarroan ere antzeratsu egongo da zerua. Estalita egongo da goizean zehar, eta arratsaldean, lainoak trinkotzearekin batera, euria egin dezake, baita ekaitza lehertu ere. Tenperatura minimoetan ez da aldaketarik izango, baina beroenak koxka bat beherago geldituko dira, batez ere isurialde atlantikoan. Haizea leun eta aldakor ibiliko da.