Gizartea -

Hondartzak

Abian da hondartza-denboraldia Bizkaian eta Donostian

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak martxan dituzte jada hondartzez gozatzera doazen herritarrentzako zerbitzuak. Hondartza-denboraldia irailaren 30era arte izango da.

Sopelako Arriatera-Atxabirirbil hondartza.
Sopelako Arriatera-Atxabirirbil hondartza.
Sopelako Arriatera-Atxabirirbil hondartza.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abian da Bizkaian hondartza-denboraldia. Foru Aldundiak berrikuntza eta hobekuntza nabarmenak egin ditu hareatzetan, besteak beste, dutxak eta megafonia-sistema modernizatuta. Gainera, hormigoizko egitura zaharren ordez altzairu herdoilgaitzezkoak jarri dituzte, ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko, eta udan bakarrik egongo dira jarrita. 

Hondartza-denboraldiak irailaren 30era arte iraungo du, eta 85 dutxa, oinak garbitzeko 76 iturri, ura edateko 7 iturri, 2 eserleku egokitu eta, irisgarritasuna bermatzeko, guztira 2.000 metro izango dituzten egurrezko pasabideak egongo dira ordura arte erabiltzaileen esku. 

Horrez gain, lagundutako bainua eskaintzeko programa ordubete luzatuko dute, 20:00ak arte, zerbitzu horren eskaera gero eta handiagoari erantzuteko.

Segurtasuna bermatzeko, Aldundiak 154 sorosle eta 16 koordinatzaile jarriko ditu hondartzetan, eta ontzi-flota bat, ur-motorrak eta ibilgailu elektrikoak izango dituzte eskura, bai eta ekipamendu sanitario oso bat ere.

Aldi berean, hondakinak eskuz jasoko dira hondartza babestuetan, ekosistemak kontserbatzeko eta klima-aldaketarekiko erresilientzia indartzeko.

Neguko denboraldian hondakinak eskuz jasotzeko programa pilotu bat abiatu zen, eta horri esker, 56 tona materia organiko kontserbatu ahal izan ziren hondartzetan, harea-ekosistemak lehengoratzen laguntzeko.

Bestalde, Bilboko Udalak udal igerileku berrituak ireki ditu, eta irailaren 14ra arte egongo dira zabalik.

Larunbatetik izango dira zabalik Bilboko aire libreko udal igerilekuak
Larunbatetik izango dira zabalik Bilboko aire libreko udal igerilekuak
Larunbatetik izango dira zabalik Bilboko aire libreko udal igerilekuak

0:39

Donostian ere hasi da denboraldia

Donostian ere abiatu dute hondartza-denboraldia, eta gaurtik izango dira martxan hainbat zerbitzu Donostiako hiru hareatzetan, nahiz eta toldoak, karpak, eguzkitakoak eta aulkiak ekainaren 15etik aurrera jarriko diren. 

Denboraldia irailaren 30era arte luzatuko da, eta ohi baino 15 egun gehiago iraungo du, aurreko urteetan irailaren 15ean amaitu baitzen.

Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak gogorarazi duenez, hondartza-denboraldiari hasiera eman aurretik, azken asteetan hareatzak hondeamakinekin profilatzen aritu dira, dutxak, txorrotak, sorospen-dorreak eta Kontxako badiaren balizamendu berria jartzeaz gain. Aurreikuspenen arabera, ekaineko lehen astean hiru gabarroi jarriko dituzte Kontxan eta beste hiru Ondarretan.

Egunero garbituko dituzte hiru hondartzak eta Santa Klara uhartekoa, eta sorospen-zerbitzua hondartza-denboraldi osoan zehar egongo da martxan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Bizkaia Hondartzak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ondarreta hondartza Bermeoko hondartza Kontxako hondartza Arrigunaga hondartza Ereaga hondartza Uda Bizkaiko Foru Aldundia