Gizartea -
Osasuna
Bidean elkarte publikoak bere gain hartu du Nafarroako osasun garraioa
110 anbulantzia izango ditu guztira, bai eta denbora errealean informazioa ematen duen sistema bat ere. 432 profesionalek egingo dute lan Bideanen; horietatik 400 aurretik zerbitzua ematen zuten enpresetako beharginak dira.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bidean elkarte publikoak bere gain hartu zuen atzo Nafarroako osasun garraioaren kontrola, hots, orain arte SSG eta Baztan-Bidasoa enpresek eskaintzen zuten zerbitzua.
Nafarroako osasun garraioa kalitatezkoa, eraginkorra eta gertukoa izatea bilatuko du Bideanek, gaixoen beharrak lehenetsiz eta ospitaleen, kontsulten eta larrialdien arteko koordinazioa indartuz. Horretarako, 110 anbulantzia izango ditu (61 berri tartean), bai eta denbora errealean informazioa ematen duen sistema bat ere.
Bestalde, 432 profesionalek egingo dute lan Bideanen, horietatik 400 orain arte zerbitzua eman duten enpresetako beharginak.
Anbulantzietako batzuk oinarrizko bizi euskarrikoak izango dira. Gainera, obesitatea duten pertsonak garraiatzeko anbulantzia bat ere izango du Bideanek —orain arte Nafarroan ez zegoen horrelakorik—.
Egoitza nagusia Iruñeko Agustindarren industrialdean izango da, eta elkarteak 14 base izango ditu Nafarroa osoan banatuta.