Gizartea -
COVID-19A
Pandemian zehar adinekoen egoitzetan hil zirenak omendu dituzte Madrilen: "Egia nahi dugu"
Gertatutakoa ikertzeko eskatu dute gaurko protestan bildutakoek, eta "protokolo lotsagarriak" salatu dituzte, egoiliarrak ospitaleetara ez bidaltzeko aginduak gogora ekarrita.
agentziak | eitb media
Pandemian zehar Madrilgo adinekoen egoitzetan hil ziren pertsonen senitartekoak ordezkatzen dituzten 7.291: Verdad y Justicia para las víctimas en las Residencias eta Pladigmare elkarteek "gertatutakoa ikertzeko eta egia argitzeko" eskatu dute gaur, igandea. Halaber, garai hartan indarrean zeuden "protokolo lotsagarriak" salatu dituzte, egoiliarrak ospitaleetara ez bidaltzeko aginduak gogora ekarrita.
"Bost urte daramatzagu justizia eskatzen", esan du Pladigmare elkarteko Carmen Ruiz Mesak komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan.
700 bat lagun bildu ditu omenaldiak, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak egindako balantzearen arabera, eta, gaurko honetan, Valentziako goialdeko ekaitzagatik kaltetutakoek sortutako elkarteetako ordezkariak ere izan dituzte lagun.
Madrilgo PSOEko idazkari nagusi Oscar Lopezek ere hartu du parte ekitaldian. Biktimen familiei babesa agertu, eta erresidentzien afera "amaieraraino" eramango duela hitzeman du, "memoria, ordaina eta justizia egon dadin".
"Agindu nuen alderdi sozialista bukaeraraino egongo dela haiekin, eta hori da egingo duguna. Gaur-gaurkoz, bi auzitegik ireki dituzte auziak adinekoen egoitzetan gertatutakoarekin lotuta", nabarmendu du.