Gizartea -

FEMINISMOA

Gipuzkoako Aldundiak berdintasunean trebatuko ditu langileak, genero arrakala murrizteko helburuarekin

Hori da Berdintasunerako VI. Foru Planean agertzen den neurrietako bat, foru langileen % 70 berdintasunean trebatzea, berdintasunerako aurrekontua % 1,5 handitzearekin eta indizean 75 puntu lortzearekin batera.

Emakume bi kalean. Argazkia: EITB
Emakume bi kalean. Argazkia: EITB
Emakume bi kalean. Argazkia: EITB

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak  Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Foru Plana aurkeztu du gaur, 2025etik 2027ra gauzatzekoa, genero arrakala murriztea helburu.

Neurri garrantzitsuenen artean, Eider Mendoza ahaldun nagusiak eta Nerea Isasi Berdintasunerako Organoaren zuzendariak nabarmendu dute epe horretan Genero Berdintasunaren Indizean 75 puntura iristea izango dela helburuetako bat (egun, 74,5ean dago).

Indizea erreferentziarako tresna bat da, eta berdintasun-maila neurtzen du hainbat dimentsio aztertuta, hala nola lana, dirua, denbora, boterea, osasuna eta ezagutza. 2021ean Gipuzkoak 74,5eko puntuazioa zuen, EAEko batez bestekoarekin bat, eta Suediaren (83,9), Danimarkaren (77,8) eta Herbehereen (75,9) atzetik kokatu zuen.

Bestalde, berdintasun politikek aurrekontu orokorrean duten pisua areagotzeko konpromisoa jasotzen du arauak; % 1,5era iritsi arte, hain zuzen ere.

Beste "funtsezko" konpromisoetako bat 2027rako foru langileen %70ek berdintasun-gaietako trebakuntza jasotzea da. Udal-eremuan, berdintasunean espezializatutako teknikariak dituzten udalen kopurua % 40 handitzea aurreikusten da, egungo 17tik 24ra, hain justu.

Erradiografia

Aldundiak jasotako datuen erradiografiaren berri ere eman dute gaurko aurkezpenean, eta horren arabera, emakumeak buru dituzten familiek pobrezia energetikoa jasateko % 64,5 arrisku handiagoa dute; Zaintzarako Prestazio Ekonomikoa jasotzen duten familia inguruneko hamar zaintzailetik zazpi emakumeak dira; kontziliazioaren esparruan, baimen eta lizentzien eskaeren % 91 emakumeek egiten dituzte, eta telelanean ari direnen artean ere gehiengoa dira (% 76).

"Urrats erabakigarria"

Mendozak eta Isasik esan dute "Gipuzkoarentzat urrats erabakigarria" dela "berdintasunarekin konprometitutako erakunde publikoen abangoardian" kokatuko duena. 

Aurkezpenean azpimarratu dutenez, "emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna da lurraldearen ongizatearen eta aurrerapenaren oinarria", eta gehitu dute Gipuzkoa ezin dela "eremu horretan gelditu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Feminismoa Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak