Gizartea -
ITUNA
Osasun Itunaren aldeko mahaiak bederatzigarren bilera egingo du gaur, akordioa laster ixteko asmoarekin
Alberto Martinez Osasun sailburuak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean esan duenez, "ituna gero eta gertuago dugu".
Agentziak | EITB MEDIA
Osasun Itunaren aldeko Mahaiak bederatzigarren bilera egingo du gaur, hilabete honetan bertan akordioa adosteko asmoz.
Alberto Martinez Osasun sailburuak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, "ituna gero eta gertuago dugu", eta ohartarazi du halako batean zenbait eragilek "konpromisoari beldurra" izan diezaioketela.
"Itun orokor bat lortuko dugulakoan gaude; izan ere, profesionalak eta pazienteak ados jartzen badira, itun bat lortuko dugulakoan gaude", adierazi du.
Arabako hiriburuko Europa Jauregian egingo da bederatzigarren bilera, eta Euskadiko osasun-, politika- eta gizarte-arloko eragileek parte hartuko dute, EAEko osasungintza hobetzeko estrategiei buruzko proposamenak eztabaidatzeko.
Aurreko topaketan, lehen mailako arreta indartzeko lantaldeko adituek planteatu zuten sisteman profil profesional berriak sartzea, hala nola psikologoak, optometristak, nutrizionistak eta osasun-administrariak.
Orain arte, foro horretan aurreikusten ziren 24 dokumentuetatik 14 egin dira.