Gizartea -
SEXU-ESPLOTAZIOA
19 pertsona atxilotu eta 34 emakume askatu dituzte sexu-esplotazio sare bat desegiteko operazioan
Hainbat herri eta hiritan egin dituzte atxiloketak. Euskal Herrian Gasteizen, Bilbon, Basaurin, Zornotzan, Irunen eta Iruñean izan dira. Horrez gainera, Santander, Logroño, Zaragoza eta Gironako Figeresera ere zabaldu da operazioa.
EITB Media
Ertzaintzak eta Polizia Nazionalak polizia-operazio bateratua egin dute Hego Euskal Herrian eta Estatuko hainbat probintziatan sexu-esplotaziorako sare bat desegiteko. Sareak atzerrian erakartzen zituen emakumeak.
Operazioa azken hilabeteetan egin den handienetako bat izan da. 19 pertsona atxilotu eta 34 emakume askatu dituzte.
Ertzaintzak 10 pertsona atxilotu ditu Gasteizen, Bilbon, Zornotzan eta Basaurin. Atxilotutakoak garraioaz arduratzen ziren, eta emakumeak eta pisuak zaintzeko lanak egiten zituzten. 14 emakume ere askatu dituzte, guztiak atzerritarrak.
Bestetik, Polizia Nazionalak 9 pertsona atxilotu eta 20 emakume askatu ditu. Irunen, Iruñean, Logroñon, Santanderren, Zaragozan eta Figueresen (Girona) egin dituzte atxiloketa horiek.
Miatu dituzten etxebizitza eta lokaletatan atxilotuek erabilitako dokumentazioa, dirua, droga eta ibilgailuak aurkitu dituzte.
Euskal Autonomia Erkidegoan liberatutako emakumeei gobernuz kanpoko erakunde espezializatuen laguntza eman zaie, biktima diren heinean halako babesa jaso dezaten.
Ikerketa 2024ko urtarrilean hasi zen. Horren arabera, atzerrian emakumeak atzeman ondoren, sareak Espainiako Estatura ekartzen zituen, bertan sexualki esplotatzeko, buruek kudeatzen zituzten etxebizitzetan prostituzioan jardunarazita. Hainbat sare sozialetako kanalen bidez eskaintzen zituzten emakumeen sexu-zerbitzuak.
Operazioak zabalik jarraitzen du eta ez da baztertzen atxiloketa gehiago egitea. Atxilotuei hainbat delitu leporatu zaizkie: erakunde kriminala osatzea, gizakien trafikoa, prostituzio koaktiboa, atzerriko herritarren eskubideen aurkako delitua, osasun publikoaren aurkakoa eta kapitala zuritzea. Poliziaren eginbideak amaitutakoan geldituko dira epaileen esku.