Gizartea -
Ikastolen aldeko jaia
Araba Euskaraz jairako antolakuntzan gorabeherak eragin ditzake Gasteizko lorezainen grebak
Gasteizko lorezainen grebak ekainaren 15ean ospatzeko den ikastolen aldeko Arabako jaian eragina izan dezake antolatzaileek adierazi dutenez, baina "jaia ospatu ospatuko dela" argi utzi dute.
EITB Media
Gasteizko lorezainak egiten ari diren greba mugagabeak eragina izan dezake Araba Euskaraz jaiaren egituran eta kokalekuetan, antolatzaileek astearte honetan ohar bidez jakinarazi dutenez.
Ekainaren 15ean da egitekoa ikastolen aldeko Arabako jaia, Gasteizko Olarizun, 'Etengabe' lelopean. Araba Euskarazen antolatzaileek argitaratu duten oharraren arabera, ordea, "Olarizuko lorategiak gaur-gaurkoz ez daude eroso eta guk aurreikusitako baldintzetan".
Halaber, jakinarazi dute inguruko berdeguneen egoerak sor ditzakeen arazoen ondorioz, "jaiaren egiturari" buruzko hausnarketa zabaldu dutela. "Jaia egin egingo" dela argi utzi duten arren, zein gune nola antolatu eta horietan zer ekintza egin, baliteke aldaketarik egotea.
Hala ere, azaldu dute oraingoz ez dutela erabakirik hartu eta adierazi "aukera guztiak mahai gainean" dituztela. Hurrengo egunetan hartuko dituzten erabakien berri emateko konpromisoa azaldu du Arabako Ikastolen Elkarteak.