Gizartea -
EPAIA
25 urteko kartzela-zigorra ezarri diote Nelson David Morenori, gizon bat hil eta iruzurra egiteagatik
2021eko urrian 43 urteko Ondarroako musika irakaslea itotzeagatik, epaileak 25 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Nelson David Morenori. Gainera, Ertzaintzak beste bost hilketaren egiletzat jotzen du.
EITB MEDIA
Herri epaimahaiaren epaia jaso eta gero, epaileak 25 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Nelson David Morenori, 2021eko urrian Ondarroako 43 urteko musika irakaslea hiltzeagatik. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak, hurrenez hurren, 34 eta 39 urteko espetxe-zigorrak eskatu zituzten arren, 23 urteko zigorra ezarri zaio hilketa eta indarkeriaz egindako lapurretagatik, eta bi urte eta erdikoa iruzurragatik.
Epailearen arabera, frogatu da akusatuak gizonen arteko zita-aplikazio baten bidez lortu zuela biktimarekin harremanetan jartzea, eta musika irakaslearen etxean, intimitate giroa baliatuta, hura hil arte ito egin zuela. Ondoren, hildakoaren bankuko kontuak hustu zituen, eta, epailearen iritziz, funtsezkoa izan da Ertzaintzak frogatzea akusatuak biktimaren etxetik banketxera deiak, egin, egin zituela.
Epailearen epaiak aparteko garrantzia du, izan ere, Ertzaintzak Nelson David beste bost hilketarekin lotzen du. Defentsak helegitea aurkezteko aukera du; epaiketan asmo hori azaldu zuen, baina bere abokatuak oraingoz ez du horren gainean ezer aurreratu nahi izan.