Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Nafarroak indarkeria matxistaren aurkako 178 ekintza gauzatu zituen 2024ko Foru Planaren baitan
Foru Planaren balantzeak erakusten du erakundeen erantzuna gero eta egituratuagoa dela, sailen arteko koordinazioan aurrerapenak egin direla, baliabide espezializatu berriak daudela eta politika publiko guztietan genero-ikuspegia txertatzearen aldeko apustua egin dela.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nafarroako Gobernuak 178 ekintza egin zituen 2024an emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko eta biktimei arreta emateko, Berdintasunerako Departamentuen arteko Batzordean aurkeztutako balantzearen arabera. Ekintza horiek 2024ko Ekintza Planaren barruan sartzen dira. Plan horrek 205 neurri aurreikusten ditu, eta horietatik % 87 gauzatu dira edo gauzatzen ari dira.
Iazko jarduera garrantzitsuenen artean, Foru Gobernuak honako hauek azpimarratu ditu: Sexu Indarkeriei Arreta Integrala emateko Zentroa (SIAIZ) irekitzea, Lizarrako Foruzaingoaren Komisarian emakumeen aurkako indarkerian espezializatutako talde bat sortzea, biktima diren emakumeak gizarteratzeko eta laneratzeko programak garatzea, etxebizitzaren arloko laguntzak ematea, ikastetxeetan hezkidetzan oinarritutako indarkeria-estrategia ezartzea eta abar.
Berdintasunerako Sailarteko Batzordearen bileran, Felix Taberna lehen presidenteorde eta Presientetza eta Berdintasun kontseilariak adierazi zuen "erakundeen betebehar morala" dela "emakumeen aurkako indarkeriaren aurka borrokatzea".
Ildo horretan, indarrean dauden lege eta politikak modu eraginkorrean aplikatzen direla ziurtatuko duten mekanismoak ezartzearen garrantzia azpimarratu zuen. Horrez gain, iragarri zuen Nafarroako Berdintasunerako Institutua Indarkeriaren II. Ekintza Plana egiten ari dela, arlo horretako politika publikoen ikuspegi eraldatzailea txertatuko duena.
Plan berri horrek, Tabernak azaldu zuenez, diziplina arteko ikuspegia txertatuko du, eta bere helburuak eta neurriak eskumen esparru gehiagotara zabalduko ditu, besteak beste, berdintasuna, hezkuntza, osasuna, etxebizitza, migrazio politikak, gazteria, eskubide sozialak, justizia, enplegua, kirolak eta kultura.
2024ko Ekintza Plana bost sektore-ardatzen bidez garatu da, neurriak hobeto gauzatu eta eta jarraipen hobea egiteko: berdintasuna, hezkuntza, osasuna, enpleguarekin eta etxebizitzarekin gizarteratzea, eta justizia.
Berdintasunerako Sailarteko Batzordeak, politika horien koordinazioaz, lankidetzaz eta jarraipenaz arduratzen den organoak, honako eginkizun hauek ditu, besteak beste: emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko araudia betetzen dela zaintzea, departamentuen arteko jarduerak koordinatzea, eta Berdintasunerako 2022-2027 Plan Estrategikoaren plangintza eta ebaluazioa bultzatzea.