Gizartea -
Eguraldia
Tenperaturak 30 gradutik gorakoak izango dira kostaldetik gertu eta ekaitzak atzo baino lehen eratuko dira
Haizeak hegoaldetik joko du, eta nabaritu egingo da. Arratsaldean bero-hodeiak agertuko dira, eta trumoi-zaparrada batzuk bota ditzake. Han-hemenka zaparrada handiak izan daitezke, eta txingorra bota dezake.
EITB Media
Goizalde tropikal samar baten ondoren (19-20 gradu), gaur Kantauri isurialdean tenperaturak are gehiago igoko dira, batez ere kostaldetik gertu, eta orokorrean maximoak 30 gradutik gorakoak izango dira. Zehazki, 33-34 gradu inguruan izango dira Kantauri isurialdean.
Hala, gaur beroak eutsiko dio, baina ekaitzak jo dezake, eta atzo baino lehen iritsiko dira, 14:00-15:00etatik aurrera. Haizeak hegoaldetik joko du, eta nabaritu egingo da. Goizean hodeiak eta ostarteak ikusiko dira, hauts-gandu apurren batekin.
Arratsaldean bero-hodeiak zabalduko dira eta trumoi-zaparradak bota ditzake, zenbait lekutan handiak izan daitezke eta txingorra egin dezake. Egunaren amaieran kostaldean mendebaldeko haizea zakar ibiliko da.
Ostegunean, tenperaturak behera egingo du ipar partean
Ostegunean eguraldia egonkorragoa izango da. Ipar partean tenperatura nabarmen jaitsiko da; hegoaldean, aldiz, beroak jarraituko du, 30 ºC inguruko maximoekin.
Goizaldean oraindik trumoi-zaparradaren bat izan daiteke, goizak aurrera egin ahala hodeitza txikituz joango da eta giro eguzkitsua gailenduz joango da. Haize suabea ibiliko da, egunaren erdiko orduetan iparra nagusi izanik.